Oihana Iguaran Barandiaran, nagusi Ficoban
Erraz irabazi zuen Iguaranek Irungo final-laurdenetako saioa. Oiartzunen izango da finalerdietako bat, azaroaren 17an.
Gipuzkoako Bertso Txapelketako laugarren final-laurdenetakoa jokatu zen atzo Irungo Ficoba erakustazokako auditorioan. Oihana Iguaran Barandiaran izan zen nagusi bertan, nabarmen. Hala, Iguaran zuzenean pasa da herrialdeko txapelketako finalerdietara. Bete-bete izan zen atzo Irungo antzokia, sarrera guztiak agortu egin ziren.
Iguaranekin batera, beste bost bertsolarik parte hartu zuten final-laurdenetako emanaldi horretan. Hala, bigarren sailkatua Amaia Iturriotz Etxaniz izan zen, eta hirugarrena Eneritz Artetxe Eizagirre (behean denen puntuazioak).
Tolosan izango da herrialdeko fase honetako azken saioa, azaroaren 3an (17:00etan, Leidor antzokian). Han egingo direnekin geldituko da osatua finalaurrekoetako koadroa. Izan ere finalaren atariko fase horretara bost final-laurdenen irabazleak, eta puntuazioz onenenen izan diren hamahiru bertsolariak pasako dira.
Oarso Bidasoko partaideen artetik, Alaia Martin Etxebeste oiartzuarrak jada eskutan du finalerdietarako txartela, hilaren 19an Eibarren jokatutako final-laurdenekoa irabazi zuelako. Han izan zen ere Manu Goiogana Bengoetxea irundarra, eta bosgarren izan zen, eta zail izango du aurrera egitea.
Finalerdietako hiru saioetako bat Oiartzunen izango da, azaroaren 17an Elorsoro kiroldegian. Sarrerak erosteko aukera zabalik da. Finala, berriz, abenduaren 14 izango da Donostian.
Irungo final-laurdenetako saioaren sailkapena:
- Oihana Iguaran Barandiaran 517,5 puntu.
- Amaia Iturriotz Etxaniz 484,5 puntu.
- Eneritz Artetxe Eizagirre 476 puntu.
- Elaut Martikorena Lizaso 468,5 puntu
- Aner Peritz Manterola 465,5 puntu.
- Iñaki Apalategi Astigarraga 446 puntu.