Euskara eta euskaldunen kontrako sententzia salatzeko elkarretaratzea Irunen
Elkarretaratzera deitu dute asteartean 19:00etan San Juan plazan euskararen kontrako oldarraldia salatzeko.
Euskara eta euskaldunen kontrako beste sententzia bat onartu dute epaitegiak. Honakoan, Donostiako epaitegi batek emandako ebazpena da eta Gipuzkoako Foru aldundiaren organismo autonomoa den Kabiaren hizkuntz eskakizunak izan ditu jomugan. “Neurriz kanpokoak direla” 2022an 54 zaintzaile egonkortzeko egindako prozesuan eskatutako hizkuntz profilak dio ebazpen horrek. Epaia, bi langilek aurkeztutako salaketaren ondoren heldu da; oinarrizko eskubideen urraketa salatu zuten horiek.
Erabaki horrek zuzenki eragingo diola Iruni salatu dute AEK alfabetatze eta Euskalduntze Kordinakundeak, Aitzondo Irungo Euskara Elkarteak, Betti Gotti Irun eta Hondarribiko Euskara eta Kultura elkarteak, eta Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak eta euskararen normalizazioaren kontra doala erantsi, “tamalez, euskal hiztunon kontrako eraso baten berri izan dugu eta Iruni zuzenki eragingo dio. Oldarraldiaren aurrean elkarretaratzera deitzen ditugu herritarrak”. Ama Xantalen adinekoen egoitza Kabiaren barruan dago.
Berria egunkariak ebazpenaren gainekoak jaso ditu.
Ebazpenari helegiteak jartzeko epea zabalik da, ez baita oraindik ere behin betikoa.
Ez dute egoera arrotza Irunen. 2021. urtean Irungo udaltzain izateko lan eskaintza publikoan (LEP) hizkuntza eskakizunak bertan behera uztearen alde egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzailea» zela argudiatu zuen epaileak. Irungo Udalak kasazio helegitea jarri zuen ebazpenaren aurka EAEko Auzitegi Nagusian eta Espainiako Auzitegi Gorenean; azken horrek forma akatsa egotzita, ez zuen tramitera onartu Irungo Udalaren helegitea.
Protesta, hilaren 29an egingo dute 19:00etan San Juan Plazan.