Ahanzturatik atera dituzte zauriak sendatzeko
Frankismoak kendutako kargu publikoak itzuli dizkietela baieztatzen duen agiria jaso dute garaiko alkate, zinegotzi eta udal langileen senideek gaurko aitortza eta erreparazio ekitaldian.
Oso egun berezia izan dute gaurkoa hondarribiarrek. Berezia bezain hunkigarria. Frankismoak ahanzturan nahi zituen, desagertuak, baina gaurko aitortza eta erreparazio ekitaldiaren ondoren, ziurra da, memorian iltzatuta izango direla herriaren historian.
Francoren diktaduraren izugarrikeria, beste herritar asko-askoren antzera, zuzen-zuzenean bizitzeaz gain, erregimen frankistak kargugabetu zituen Hondarribiko alkate, zinegotzi eta udal langileei erreparazio eta aitortza ekitaldia egin die gaur udalak lepo zen Itsas Etxea auditorioan; izan ziren haien izenean, senideek jaso dute omenaldi sentitu, hurbil eta xumea.
Maider Martiarena Bakeolako kideak aurkeztu du ekitaldia.
Estatu Kolpearen ondorioz Hondarribiako bi alkate, bederatzi zinegotzi eta hamasei udal langile “depuratuak”, beren kargutik kenduak izan zirela jarri du nabarmen Bakeolakoak: “Frankismoaren garaian gertatutako asko eta asko, isiltasunean gertatu zirela, eta urteak joanda ere, isiltasun horretan mantendu izan dira. Hurrengo belaunaldiek ez zuten gertatutako horren transmisiorik jaso gehienetan, baina gaur egungo 2022ko Memoria Demokratikoaren legearen arabera, biktimak dira eta neurri horretan, egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea dagokie”.
Igor Enparan alkateak hartu du hitza gaurko ekitaldian. Eskerrak eman dizkie Enparanek lehenik eta behin aitortza eta erreparaziorako ekitaldiarekin bat egin duten senideei, udalbatzako ordezkariei, Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikazaleen elkarteari, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteari, Hondarribiko Historialari taldeari, eta herritarrei. Gaurkoa alkate gisa “errespetu handia” ematen dion eguna dela aitortu du , “izan ere, protagonistak, ni orain nabilen lanetan saiatutakoak dira guzti-guztiak, eta horregatik, badakit zein inplikazio pertsonala ekartzen duen lan honek. Espero dut haiek aritu ziren mailan aritzea ni ere”.
Atzerako begirada ezinbestekoa zuen gaurko ekitaldiak, eta hartara jarri da Enparan 1936. urtera begira, “garaiko Espainiako Estatuko gizartearen zati atzerakoi batek, militar ultraeskuindarrek lagunduta estatu kolpe saiakera egin zuten. Erasoa, hain zuzen, herritarrek beraien antolamendurako, demokratikoki aukeratutako eta momentu horretan indarrean zegoen II Errepublikaren aurka izan zen. Estatu kolpe saiakera hark, gizarte aurrerakoiaren erantzuna ekarri zuen, askatasuna, demokrazia eta eskubideen aldeko defentsa egin zuten gure herritarrek. Asko eta askok balio hauen defentsa, heriotzaraino eraman zuten”.
Puntatik eta Irundik sartuta, irailaren 6an okupatu zuten frankistek Hondarribia, “ia-ia azken egunera arte aritu ziren euren funtzioetan lanean alkateak, zinegotziak baita udal funtzionarioak ere, ziurrenik, euren bizitzako egoerarik zailenean, onena herriari eskainiz, herriaren hobe beharrez. Kolpisten gertutasuna ikusirik, eta inbasioak ekarriko zuenaren beldurrak eraginda —fusilatzeak, bortxaketak, torturak, umiliazioa, arpilatzeak… herri zibilaren gehiengoak ihes egitea erabaki zuen, zeuden lekutik lanean jarraitzeko errepublikaren alde”.
Horiei guztiei 2021ean udalak antolatutako Memoriaren Astean omendu zitzaiela ekarri du gogora Enparanek, “ekitaldi hartan esan zuten moduan, batzuk asteetara itzultzeko aukera izan zuten, beste batzuk hilabeteetara, beste hainbat urteetara; baina izan ziren beste zenbaitzuk, ezin zutenak sekula euren herrira, Hondarribira itzuli”.
90 urte geroago aitortza eta erreparazioa
Frankismoak, “haien garbiketa soziologiko ideologikoa” egin asmotan herritik joan izanaren aitzakia erabili zuela kargu publikoa zuten zinegotzia eta alkateak ezabatzeko, eta funtzionarioak lanpostuetatik kanporatzeko nabarmen jarri du Enparanek, “orduz geroztik ahanzturan eta babesgabetasun egoeran izan dira orain arte. 90 urte geroago arau bat dugu pertsona horiek guztiak beren lekuan jarri eta zituzten karguak itzultzeko”.
Aitortza jarri du erdi-erdian Enparanek, “gaur oroituko ditugun pertsona hauek guztiak, biktimak dira, eta aitortza eta erreparazioa egitea zor diegu. Hori da gaurko ekitaldiaren helburua”.
Hondarribiari egiteko horretan aitzindaritza aitortu dio alkateak, “Frankismoak kendutako karguak berrezartzen Euskal Herriko lehenengo herria izango delako gurea”. Hortaz, Memoria Historikoaren abangoardian jartzen duela Hondarribia gaurko ekitaldiak gaineratu du udal agintariak.
Gaurko aitortza urrats bat aurrera izan da zalantzarik gabe, baina urrats gehiago ere falta direla aitortu du, izan ere, oraindik orain ahanzturan gelditutako herritarren zerrenda osatzeko lan handia dutela esan baitu, “hainbat biktima aitortu gabe ditugu 1936ko Gerratik eratorriak: Lehen lerroan borrokan hil zirenak, frankismoak fusilatu egin zituenak, kartzelan edota kontzentrazio esparruak pairatu zituztenak, langile batailoietan aritu ziren dozenaka hondarribiar, edo erbestera joan eta inoiz bueltatu ez ziren herritarrak”.
Horien batzuen izenak lehen lerroan jarri ditu gaurko ekitaldian: Fermin Argote, Jesus Carrera, Luis Vitini, Kandido Saseta, Eloi Bengoetxea, Luis Jaraus, Julian Tell… Batzuk baino ez dira.
Biktimak izan ziren, denak hondarribiarrak, “aitortza eta erreparazioa merezi dute, eta hemendik nire konpromisorik irmoena memoriak ere tartea izango duela erronkaz beteta dugun agintaldi honetan”.
Hasi bezala bukatu du Enparanek, eskerrak ematen: “Bakeolako Maider eta Mireni”; herriko historialari taldeko Joserra Enparan, Pedro Barruso, Koldo Ortega, Aitzol Arroyo, “zuek egindako ikerketa eta aholkularitza historiko lanik gabe ezingo genuke gaur hemen egon”. Eskerrak ere, alkateak, Fermin Olaskoagari “gaur hemen zaudeten senideekin kontaktua egin ahal izatea ahalbidetu du berak”. Gipuzkoako Foru Aldundiari ere eskerrak “ematen ari den laguntzarengatik”, eta herritarrei, “bertaratzeagatik, senitartekoei gertutasuna eta goxotasuna ekartzeagatik. Zuek guztiak gabe, ezinezkoa litzateke gaurko ekitaldi hau”.
Udaleko Bizikidetza Batzordea
Bizikidetza Batzordeko kideen txanda heldu da ondoren, eta adostu duten adierazpena irakurri dute. Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideek osatua dago batzorde hori. Nabarmen jarri du Memoria Historikoaren gaineko lanketarako lortu duten adostasuna aurkezle lanetan aritu den Bakeolako kideak: “Memoria Historikoaren lanketarako ados jarri eta gaurko ekitaldia bultzatu dute”. Oholtza gainean, Josu Peña (Abostanitz), Gonzalo Carrion (EAJ), Garoa Lekuona(EHBildu), eta Josu Alvarez (PSE-EE) izan dira txandaka irakurtzene euskaraz eta gaztelaniaz adierazpena.
Horien ondotik, gaurko protagonisten senideak igo dira oholtzara. Aitortza jaso dute, baita erreparazioa ere. Frankismoak kendutako kargu publikoak itzuli dizkietela baieztatzen duen agiria jaso dute Manuel Canoura Hernandorena eta Ramon Perez Perez alkateen senideek; Floro Izagirre Agirrezabal, Juan Garmendia Iriazabal, Enrique Berrotaran Sagarzazu, Angel Urrutia Zuzuarregi, Pedro Alkain Berrotaran, Anselmo Salaberria Pikabea, Pedro Garcia Ortiz, Juan Telleria Larrea, eta Juan Jose Petit Ory zinegotzien senideek; eta Angel Telleria Zumalakarregi, Jose Miguel Etxaniz Arruti, Arturo Hernandez San Martin, Candido Ostolaza Garate, Antonio Bernedo Fernandez, Luis Telleria Larrea, Alberto Lasa Badiola, Jesus Zubeldia Garaño, Martin Goikoetxea Loidi, Francisco Sagrado Zubiaga, Antonio Tobalina Perez, Juan Tolosa Katarain, Jesus Sagrado Azurmendi, Ramon Kanpandegi Sagarzazu, Francisco Lapitz Kanpandegi eta Cayo Lasa Zabala, udal langileen senideek.
Ohorezko Aurreskuaren txanda izan da gero, eta familia argazkia eginda, txalo artean bukatu dute ekitaldia. Gaurkoa urrats bat gehiago izan da Frankismoak ezarri nahi izan zuen eta oraindik orain indarrean den ahanzturaren lauza printzatzeko; argi utzi du Enparanek ez dela azkena izango.