Irun tentsio handiko eremu izendatzeko eskakizuna egin du udalak
Irungo etxebizitzaren diagnostikoa eginda, alokairuak azken bost urteetan %18,5 igo dira eta familiek bataz beste soldataren %32 bideratzen dute etxebizitzaren ordainketara. Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren esperoan dago udala.
Udal gobernuak Irun tentsio handiko eremu izendatzeko eskakizuna onartu duela iragarri du gaur Cristina Laborda alkateak. Autonomia erkidegoko bigarren herria da eskakizuna egiten, Errenteria-Oreretaren ondoren. Gizartearen problematika handienetako bat dela etxebizitzetara sarbidea azaldu du eta Irungo Udalak arazo hori “bere egin” duela zehaztu du alkateak. Erakunde gisa “ardura guztia” duela udalak herritarrek etxebizitzara sarbidea izateko gaineratu du.
Eskaera egiteko diagnostiko bat egin behar da eta Irunvirena izan da horren ardura. Izendapena jasotzeko bi baldintza nagusi daude, eta baldintzetako bat azken bost urteetan alokairuaren prezioa %17 baino gehiago igotzea da, kontsumoko prezioen Euskadiko indizearen hazkunde metatua baino hiru puntu gehiago gutxienez. Irunen kasuan %18,5 igo da.
Bestalde, hipotekaren edota alokairua ordaintzearen batez besteko kostuak, familia baten diru sartzearen %30 gainditu behar du eta Irunen %32koa da. Beraz, bi baldintzak betetzen ditu Irunek tentsio handiko eremu izendatzeko.
Tentsio handiko eremu izendatzeak “abantaila argiak” ekarriko dituela uste du Labordak: maizterrak bere etxebizitzarako eskubidea izatea, alokairuaren prezioa mugatzea edota bukatzear diren kontratuek urtebeteko ezohiko hiru luzapen izango dituzte, eta etxebizitzen jabe handiek (bost etxebizitza baino gehiago dituztenek) muga irmoagoak izango dituzte. Era berean, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko kontratu berrien prezioak mugatuko dira.
Ekintza Plana
Tentsio handiko eremuaren izendapena lortzeak hiru urtetara begirako Ekintza Planarekin batera joan behar du. Plan horretan udalak etxebizitzaren egungo egoera aldatzeko hartuko dituen neurriak jaso behar ditu eta udal gobernuarentzat “oinarrizkoa” izan da etxebizitza publikoaren alokairuzko eskaintza handitzea. Izan ere, alokairu erregimeneko babes ofizialeko 1.000 etxebizitza baino gutxiago daude Irunen.
Bada, Eusko Jaurlaritzarekin kolaborazioan, datozen hiru urteetan babes ofizialeko alokairuzko erregimeneko 1.000 etxebizitza eraiki nahi dituzte. Eskaintza hori bikoiztu egingo litzateke hirian.
Irtenbidea “konplexua denez” etxebizitza publikoaren eskaintza handitu behar dela berretsi du alkateak. Irunen kasuan, baina, prozesu urbanistikoak “luze eta konplexuak” izaten ari dira. Esate baterako, San Migel Anaka eremuan birpartzelatzea bukatuta proiektu urbanistikoa idazten ari dira eta proiektu hori zuzentzeko eta egikaritzeko eskaera ere egin dutela azaldu du alkateak. Inguru horretan 612 etxebizitza publiko egin nahi dituzte.
Behobiako Mendipe eremuan ere etxebizitza publikoak eraikiko dituzte, 36 hain zuzen, eta eraikitzeko eskaera egin zuen atzo udalak. Azken urteetan “etxeko lanak” egin dituztela borobildu du Labordak.
Bestalde, Lastaola Postetxean 99 etxebizitza publiko; Korrkoitz karrikan 63; Aleien 60; Alberto Larzabal kalean 43; Emigrazioko eraikinean 31; Larreaundin 22; Lucas de Berroa kalean 20; eta Karrika Nagusiko 7 eta 9 zenbakietan etxebizitza bat.
Babes publikoko etxebizitzez gain, alokairuko merkatuan bitartekari lanak egiteko programak sustatzea du asmo udal gobernuak. Horrela, bitartekaritza programetan sartzen diren etxebizitza hutsei dagokien ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko hobarien ehunekoak handituta eta etxebizitza hutsak programa horietan sartzeko birgaikuntza lanetarako laguntzak emango dituzte.
Hiri birgaitu eta berroneratzeko neurriak ere hartu beharko dituzte eta Irunvik egingo du. Bestalde, talde zaurgarriak babesteko eta alokairurako laguntzak emateko prestazio sistema bat sortuko dute.