Besarkada solidarioa lapurreta teknika hedatzen ari dela ohartarazi du udaltzaingoak
Hilaren 15ean gertatutako lapurreta ekintzen harira Hondarribiko Udaltzaingoak besarkada solidarioen bidezko delituak prebenitzeko gomendioak plazaratu ditu.
Azken aldian lapurretak egiteko besakada solidarioren teknika hedatzen ari dela ohartarazi du Hondarribiko Udaltzaingoak. Teknika hori batez ere, bakarrik dauden adineko pertsonei lapurtzeko erabiltzen dituztela zehaztu dute. Aurrenik biktimarengana “modu adeitsuan” hurbildu eta haren konfiantza lortzen saiatzen direla azaldu dute. “Biktimarekin hitz egiten duten bitartean kainu adeitsuak erabiltzen dituzte. Adibidez, eskuetatik edo besoetatik atxikitzea edo zuzenean besarkada bat eskaintzea”. Besarkadaren momentuan lapurtzen dituzte ondasunak, “biktima berehala konturatu ere egin gabe”.
Ertzaintzak atzo jakinarazi zuenez, hilaren 15ean gertatu zen azken lapurreta. Halako iruzurrak saihesteko hurrengo aholkuak plazaratu ditu udaltzaingoak: Objetu baliotsuak agerian ez eramatea; adeitsuak diren ezezagunekin ez fidatzea; beharrezkoa ez den kontaktu fisikoa ez onartzea; eta edozein gertakari susmagarri salatzea, udaltzaingora deituta (943 111 313 telefonora) edo larrialdietako telefonora (112 zenbakira) deituta. Azkenik, objetu baliotsuen argazkiak izatea gomendatu dute. Lapurtu ezkero argazkia aurkeztu ahal izateko.