San Tomas azokarako nekazariek ere postu eskaera egin dezakete
Azaroaren 8ra arteko epea dute eskabideak aurkezteko. Hiru ataletan egongo dira bereizita, eta lehiaketa aurten ere egingo da.
Duela bi egun, Santomasetarako txosna eskaera egiteko epea zabalik dagoela jakinarazi zuen udalak, eta gaurkoan, nekazariei begira jarri dira. Izan ere, nekazaritzako produktuak saltzeko postuak jartzeko eskabideak egin daitezke jada.
Azaroaren 8a baino lehen egin beharko dute, eta abenduaren 22an egongo direla postu gehienak zehaztu dute. Azokak hiru sekzio izango dituzte: barazkiak, frutak, loreak eta landareak; produktu landuak; eta baserri animaliak.
Bestalde, fruta, barazki, animalia eta ezti lehiaketan parte hartu nahi dutenek zehaztu egin beharko dute lehiatu nahiko dutela, inprimakian bertan. Informazio guztia Irungo Udalaren orrialdean dago.