Jaialdi batekin beteko du urtea Emakumeen Etxeak
Larunbat honetan egingo dute egun osoko ospakizuna eta etxearen balantzea egiteko ere baliatuko dute. Gaurko aurkezpenean, etxea kudeatzeko elkar kudeaketa eredua balioan jarri dute.
Irungo Emakumeen Etxeak (Istillaga plaza, 8) urte bat beteko du larunbat honetan, hilak 19, eta lehenbiziko urteurrena ospatzeko egun osoko jaialditxo bat antolatu dute egun horretarako. Bide horretan, egunaren aurkezpena egin dute gaur Nuria Alzaga Berdintasun ordezkariak, eta Irungo Emakumeen Etxea Elkarteko (IEEE) Maribel Castellok eta Mari Jose Barralek, eta Koldo Zabala Berdintasun eta LGTBQ dibertsitatearen teknikariak. [Egitaraua, bukaeran].
Etxeak urte bat bete izana, berdintasunarekiko udalaren “konpromisoa eta apustua” argi erakusten duela adierazi du Alzagak, “baliabide ekonomiko eta humanoak” ahalbidetuz. “Irun feministagoa” izateko helburua ezin dela burutik kendu aldarrikatu du udal ordezkariak jarraian, eta balioan jarri nahi izan du IEEErekin espazioa elkarrekin kudeatzeko duten hitzarmena. “Aurrera segitzeko urratsak ematen laguntzen digun elkar kudeaketa da” gaineratu du.
Berdintasuneko gaian edota indarkeria matxistari aurre egiteko lanketan aldaketa ekarri duela Emakumeen Etxeak aitortu du Castellok. 2022an hasi zen parte hartze bidezko prozesua ere gogoratu du eta baloratu du elkar kudeaketako ereduak “fruituak eman eta ematen” ari dela. Beste emakumeen etxeekin alderatuta, formula hau “desberdina” dela nabarmendu du IEEEko kideak. “Elkarlanaren formulak, konfiantza eta eskuzabaltasuna dakarrena da egokiena” nabarmendu du.
Barralek urtearen errepasoa egiten hartu du hitza eta jarduerak sortzeko eta horiek egikaritzeko “lan asko” egin behar izan dutela esan du. Proposamen berritzaileak eta Emakumeen Etxeak egiten dituenetik bereizten direnak antolatzen saiatu direla zehaztu du Barralek. “Emaitza oso positiboa izan da eta aurten dagoeneko lanean gabiltza 2025eko jarduerak prestatzeko” aurreratu du.
Urtebete darama martxan Emakumeen Etxeak eta Koldo Zabala udal teknikariaren arabera, etxea ireki aurretik udalak aktibatuta zituen programak Emakumeen Etxean “finkatu” direla, beren leku fisikoa topatu dutela azaldu du. Irungo emakumeentzat “erreferentziazko lekua” bilakatzen ari direla nabarmendu du teknikariak.
Eskola feminista, IEEErekin kolaborazioan, identitate propioa eraikitzen ari dela uste du Zabalak eta orain arteko balantzea egite aldera, “oso gogobetegarria” izan dela iritzi du Zabalak. “Ez da gure ustea, jasotzen ari garen balorazioen arabera baieztatzen dut egin berri dudan balantzea. Halaber, lan honetan jarraitzeko emakumeen gogoa nabarmendu behar da” gaineratu du.
Egitaraua
Kontzentratutako eguna izango da, hau da, ordutegi aldetik ez da tarterik egongo. Emakume guztiei eta berdintasunarekin konprometituta dagoen orori luzatu diote disfrutatzera gerturatzeko gonbita.
Eguna 11:45ean hasiko dute, ongietorri goxo batekin. Etxe bat dela aldarrikatuko dute eta ez udaletxearen ohiko ekipamendua, eta beraz, etxeak beste eraikinekin alderatuta daukan “goxotasun estra”.
Ondoren, 12:00etatik 13:00etara Ahizpatasun hitzak tailerra egingo dute eta Emakumeen Etxearen hiztegia definituko dute. Emakumeen etxeko erabiltzaileak gonbidatu dituzte tailer honetara eta etxea definitzen duten ahizpatasunez betetako hitzak hautatuko dituzte. Ordubete iraungo du jarduera honek.
Tailer honen barruan, lotzen dieten marra morearen antzezpena egingo du. Emakumeen Etxeko leihoetan, herria osatzen duten emakume desberdinak ordezkatzen dituen ilustrazio bat dago eta hauek etxea besarkatzen ari dira. Kanpoko edukiengatik ere identifikatzen dela etxea esan du udal teknikariak, eta tailerra eta gero, etxea besarkatuko dute denen artean. “Zabaldu nahi dugun mezua da espazio hau benetako erabiltzaileentzat da eta horiek besarkatu egingo dute etxea” azaldu du. “Hitzekin etxearekiko sentitzen dutena definituko dute, eta fisikoki ahizpatasuna interpretatuko dute”.
Eguerdian, ekitaldi instituzionala egingo dute eta Cristina Laborda alkatea gerturatuko da. 13:00etan izango da eta IEEE koordinazio organoko ordezkariek, alkatearekin batera hitzartzea egingo dute. Urteko lehen balantzea egingo dute eta logo ofizialak aurkezteko ere baliatuko dute tartea. “Hemen egiten dugunaren esentzia irudikatuko dute, marka propioa sortuz” uste du Zabalak.
Arratsalderako zubia mokadu musikatuarekin egingo dute, 14:00etatik 15:00etara, eta musika jartzen arituko da DJ Petite Roussel. Segidan, lehenengo koktelgintza feminista egingo dute: “Birpentsatu egingo dugu gizon eta emakume bat ostatu batera elkarrekin joaten direnean, zerbitzariak zergatik alkoholdun edaria gizonari ematen dion eta alkoholik gabekoa emakumeari. Zergatik izan da alkohola beti gizonen espazioa? Eta zergatik egon dira hain gaizki ikusiak edatea erabaki duten emakumeak?” mahai gaineratu du udal ordezkariak.
Azkenik, hiru bakarrizketa txiki eta Berdinki zirkuaren Bidean emanaldia eskainiko dute. Bakarrizketa lanetan, Maria Blanco, Esti Curiel eta Maialen Sorzabalbere arituko dira. Egitaraua PDF formatuan eduki nahi duenak, esteka honetan topatuko du.