Irungo langabezia tasa %10,88koa da eta DSBE 1.365 lagunek jasotzen dute
Erletxeak salatu du pobretzeari eta gizarte-bazterkeriari buruzko "datu falta" dagoela Irunen. Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira egin dituzte adierazpenak.
Gaurkoa Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da eta Erletxeak Irungo langabezia tasaren eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren datuak eman ditu. Halaber, Bizkaiko erakunde sozial eta bizilagunen elkarteek egindako Pobreziaren aurka, aberastasunaren banaketa adierazpenari atxiki direla jakinarazi dute.
Irunen pobretzeari eta gizarte-bazterkeriari buruzko “datu falta” dagoela nabarmendu du Erletxeak. Informazio gabezia horrek ez duela ezkutatzen Irunen dagoen pobretzea adierazi dute eta salatu dute gizarte bazterketak “gogor jotzen” duela Irun. Izan ere, bizitegi bazterketan dagoen pertsona asko daude irunen, “eta pertsona horiek dira urtero hazten ari den iceberg handi baten punta ikusgarria eta ikusezina dira” zehaztu dute.
Aurtengo irailean langabezia %10,88koa zen hirian, eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen 1.365 irundar daude. Horietatik 779 lagunek 50 urte baino gehiago dituzte, eta 65 urtetik gorakoak 779 herritar dira. Azken horien artean %24,5 emakumeak dira, 239 emazte, hain zuzen. Orotara, DSBE jasotzen ari direnen %60,8 emakumeak dira eta %39,2 gizonezkoak. Guraso bakarreko 178 osagarrien % 95,5 emakumeei dagokie. Osagarriei dagokienez, 520 dira etxebizitzari dagozkionak.
Bizikidetza-unitateko pertsonen kopurua ikusten badugu, pertsona bakarreko 885 kasu daude; 239 bi pertsonakoak; 131 hiru pertsonakoak; 68 lau pertsonakoak; eta 42 bost pertsonakoak. Erletxeren kalkuluen arabera, 2.238 kide daude Irunen DSBE jasotzen ari direnak, hau da, herritarren %3,5 lirateke.
Datu horiek gizarte-bazterkeriaren eta pobretzearen “ikuspegi partziala” ematen diguten DSBE espedienteenak direla adierazi dute. Izan ere, pertsona asko estaldura ekonomiko horretatik kanpo geratzen direla esan dute, kobratzeko irizpideetan ez sartzeagatik edota ezjakintasunagatik.
Erletxeren esanetan, ez dago pobrezia desagerrarazterik aberastasunaren bidezko banaketarik gabe. Gizarte-estalduretan etengabe egiten diren murrizketek “argi” uzten dute horren kontrako “norabidean” joaten ari direla, “are gutxiago aberastasunaren bidezko banaketara”, gaineratu dute. “Gutxi dago ospatzeko eta asko salatzeko” bukatu dute.