Hegazti migratzaileak, larunbatean Ekoetxea Txingudin
Ekoetxeak bat egin du Hegazti Migratzaileen Mundu Egunarekin, eta 'Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna: mugak zeharkatzen' esperientzia antolatu du. Gorka Gorospe ornitologoa Plaiaundin izango da, 10:30etik aurrera.
Ekoetxea Txingudik bat egin du Hegazti Migratzaileen Mundu Egunarekin, eta, horretarako, Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna: mugak zeharkatzen esperientzia antolatu du larunbat honetarako (hilak 19). Bihartik hilaren 27ra bitartean, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea (Asteklima) egingo da Euskal Herrian, eta Ekoetxearen jarduera kanpaina horren baitakoa da.
2024ko Hegazti Migratzaileen Mundu Egunaren ardatza intsektuak dira, eta hegazti migratzaileen elikadura katean duten “funtsezko” zeregina nabarmendu nahi dute: “Intsektuak, hegazti espezie askorentzat bizi iturri izateaz gain, ekosistemen osasunari ere laguntzen diote, landareak polinizatu eta materia organikoa deskonposatzen baitute. Habitat galerak eragin zuzena du hegazti migratzaileengan, eta premiazkoa da kontserbazio ekintzak egitea”. Intsektuak ardatz dituen kanpaina Babestu intsektuak, babestu hegaztiak lelopean egiten ari dira.
Hegazti Migratzaileen Mundu Egunarekin bat eginez, Gorka Gorospe ornitologo ezaguna Plaiaundi Parke Ekologikoan izango da, 10:30etik aurrera. Aditu horrek gidatuko du Hegazti Migratzaileen Mundu Eguna: mugak zeharkatzen esperientzia.