Emakume eta gizon bat atxilotu dituzte Hondarribian lapurreta egitea egotzita
Besarkada solidarioen bidez lapurreta egitea egotzita atxilotu dituzte. Ikerketak zabalik jarraitzen du, antzeko beste zenbait delitutan parte hartu duten egiaztatzen ari baita Ertzaintza.
Ertzaintzak jakinarazi duenez hilaren 15ean (asteartea) 43 urteko emakume bat eta 39 urteko gizon bat atxilotu zituzten, besarkada solidarioen bidez bi lapurreta egiteagatik.
Arratsaldeko lehen orduan jaso zuen Ertzaintzak kaltetuaren abisua. Hondarribiko bide publikoan emakume bat hurbildu zitzaiola adierazi zien eta elkarrizketa labur baten ondoren emakumeak besarkatu eta soinean zuen lepokoa kendu ziola. Zehaztu dutenez emakumeak “presaka” egin zuen alde eta zain zuen auto batera igo zen.
Abisua jaso ondoren herritarren babeserako patruila batek auto susmagarria identifikatu zuen eta hura ikuskatzean bitxigintzako bi pieza aurkitu zituzten. Lapurretaren ustezko egileak zirela egiaztatu ondoren atxilotu zuten bikotea. Ertzaintzak baieztatu ahal izan duenez, goiz horretan bertan beste lapurreta bat egin zuten atxilotuek, “modus operandi berarekin”.
Une honetan ikerketa zabalik dago eta azken asteetan gertatu diren antzeko delituren batean parte hartu duten egiaztatzeko. Beharrezko eginbideak egin ondoren epailearen aurrera eramango dituztela azaldu dute.