Nerabeei laguntzeko hiru tailer Haurartean programan
Haziera kontziente eta errespetuzkoa sustatzeko helburuarekin prestatu dituzte hiru saioak, tresna eta baliabideak erraztuz.
Haurartean-en edizio berriaren barruan antolatu dituzten nerabeei laguntzeko hiru tailerren eta Haurartean FIT programaren aurkezpena egin du Gazteria arloak. Helburua, haur eta nerabeen “haziera kontziente eta errespetuzkoa” sustatzea dela, eta ikasketa komunitate lokal bat izatea dela azaldu du Sergio Javier udal ordezkariak. Hiru tailerrak gurasoei eta hezitzaileei begirakoak dira, eta urritik abendura bitarte egingo dira.
Alde batetik, guraso, tutore eta hezitzaileentzako hiru tailer egingo dira, Nerabeak laguntzeko gakoak izenekoa. Horietan hiru espezialistak adin horretan gazteek dituzten beharrak eta erronkak izango dituzte hizpide, hala nola, pornografia eta sexu-heziketa, edo pantailen erabilera.
Tailerren izenak honako hauek dira: Sinbiosia, nerabezaroan: beharrak eta erronkak; Pornoa hizketagai: sexu-heziketa alternatiba gisa; eta hezkuntza digital positiboa sustatzen: mugikorra eta pantailak erabiltzeko mugak eta arauak familian. Palmera Monteron egingo dira denak, arratsaldez, hilaren 30ean, azaroaren 27an eta abenduaren 11n, hurrenez hurren. Hizlariak Diana El Azem Crovetto irakaslea, Maria Rodriguez Suarez sexologo eta doktorea, eta Maider Iratzagorria teknologia berrietan aditua izango dira, hurrenez hurren. Tailerraren informazio guztia, udalaren orrialdean ikus daiteke.
Tailerretako izen ematea doakoa da eta banaka egin beharko da, hitzaldi bakoitza izan baino bi egun lehenago. Baldin eta toki guztiak bete eta izen emateko prozesua ixten ez bada. Behar izanez gero 3 eta 11 urte bitarteko haurrak zaintzeko zerbitzu bat eskainiko dute, eta zerbitzu horren beharra izen emateko inprimakian zehaztu beharko da.
Haurartean fit
Programa berri bat sortu dute Haurartean fit izenekoa eta gurasoei eta tutoreei entrenamendua emateko helburuarekin egin dute. Taldeko esperientziatik abiatuta, familietan egunerokoan gertatzen diren egoerei erantzuteko tresna eta estrategia egokiak landuz egingo dute.
Saio hauek ere Palmera Monteron egingo dira eta sei izango dira guztira, bi bloketan banatuta. Lehenbizikoa azarotik 2025eko urtarrilera bitartean egingo da, eta 3 eta 10 urte arteko haurren guraso eta tutoreei zuzendutakoa izango da. Bloke honetan izena emateko epea irekita dago jada eta hilaren 28ra arte egongo da zabalik.
Bigarren blokeari Jolas fit deitu diote eta hurrengo urteko otsailetik maiatzera bitartean egingo da. Kasu honetan, 5 eta 7 urte bitarteko haurren guraso eta tutoreei begirakoa da, eta haurrek parte hartuko dute gurasoekin batera. Bigarren bloke horretan izena emateko epea 2025eko urtarrilean irekiko dute. Bi tailerrei buruzko xehetasun guztiak Irungo Udalaren orrialdean topa daitezke.