Lehena Europan
Bidasoak Europa Ligako lehen garaipena lortu zuen atzo Suedian Ystads taldea menderatu ondoren (23-29). Garaipen horrekin D multzoko lehen postuan kokatu dira irundarrak.
Bidasoa Irunek Europa Ligako lehen garaipena lortu zuen atzo Suedian Ystads IF HF taldea menderatu ondoren (23-29). Azken hamar minutu ia perfektuei esker lortu zuten irundarrek ligaxkako lehen garaipena. Lehen zatia parekatua izan zen, eta suediarrak gol bateko errentarekin iritsi ziren atsedenaldira (14-13).
Bigarren zatia 1-4ko aldeko partzialarekin hasi zen Bidasoarentzat. Irundarrak errenta mantentzeko gai izan ziren 50. minutura arte, une horretan Ystads aurretik jarri baitzen markagailuan (21-20). Azken hamar minutuetan, baina, bidasoarren erreakzioa iritsi zen, eta 2-9ko partzialarekin partida poltsikoratu zuten (23-29). Azken txanpako lana zoragarria izan zen eta jokoan zeuden bi puntuekin itzuli dira etxera. Atzoko garaipenarekin, Bidasoa D multzoko lehen postuan kokatu da, hiru punturekin.
Europa Ligako arrakastaren ondoren, egutegiak ez du etenik izango Alex Mozasen taldearentzat. Larunbatean (hilak 19) Asobal Ligako seigarren jardunaldiko partida jokatuko dute Kantabrian Bathco Torrelavegaren kontra, 18:30ean. Torrelavegak bikain hasi du 2024-2025 sasoia, eta sailkapeneko hirugarren postuan daude, 8 punturekin. Bidasoa, aldiz, bederatzigarren da, 5 punturekin. Torrelagevan, gainera, Jacobo Cuetara Bidasoaren entrenatzaile ohiarekin egingo dute topo, Bathcoren prestatzaile berria baita.
Asobal Ligako neurketaren ondoren, Europa Ligako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partida jokatuko dute irundarrek. Oraingoan ere Artalekutik urrun jokatuko dute bidasoarrek, Errumanian hain zuzen, CSM Constantaren aurka. Norgehiagoka datorren asteartean (hilak 22) izango da, 18:45ean.