Kognizio gainbeheraren prebentziorako ikastaroa eskainiko dute
Do re ni metodologian oinarritutako ikastaroa izango da. Haren nondik-norakoak gizarteratzeko hilaren 22an aurkezpen irekia egingo dute Kultur Etxean.
Gaur goizean Hondarribiko Udaleko Areto nagusian aurkeztu dute Xabier Lizaso musikari eta ikerlariak eta Olatz Zugasti musikariak abiatu duten proiektua. Do re ni metodologian oinarritutako kognizio gainbeheraren prebentziorako ikastaroa da eta azaroko lehen astelehenean abiatuko dute (azaroak 4).
Metodo berritzailea da Do re ni, musikaren bidez garuneko osasuna indartzen laguntzen duena. “Gauza bat etengabe errepikatzen baduzu garunak garunak erabiltzen duen errepidea landuta ez baduzu ikastea asko kostatuko zaizu gauza berria delako. Denak dakigu nola ikasi dugun irakurtzen eta idazten, errepikatuz. Baina umetan oso azkar ikasten da, garuna oso plastikoa delako. Zahartzaroan ez, baina ikasten da” azaldu du Lizasok aurkezpenean. Zahartzaroan beraz, errepikapen gehiago behar direla ziurtatu du, baina ikasten ikasi daitekeela. “Ikastaroan gauza konplikatu samarrak ezarriko dizkiet, sekula egin ez dituztenak, izerditzeko, mentalki ere izerdia botatzen delako, eta errepide berri horiek estimulatzeko”. Guzti hori, noski, giro polit batean eta “gehiegi estutu gabe” egingo dute. Hala, “bigarren mailako errepideak autobide” bihurtuko dituzte garunean.
Honako lanketa hau, gainera, prebentzio lana egitea ere badela nabarmendu du Lizasok: “Gimnasioko lanak ez du balio bakarrik indartsu egoteko edo polit ikusteko. Ez. Osasuntsu egoteko eta lesioak prebenitzeko balio du ere”.
Ikastaroa gizarteratzen
Hilaren 22an herritarrei begirako aurkezpena egingo dutela azaldu dute, ikastaroaren onurak ahalik eta gehien sozializatzeko. Kultur Etxean izango da 18:00etatik aurrera. Helburua 65 urtetik gorago dituzten 20 lagunez osatutako taldetxo bat lortzea da. Izen ematea gaur bertan zabaldu dute eta aurkezpenaren ondoren, Kultur Etxean bertan apuntatzeko aukera egogo dela aurreratu dute.
Lizasorekin batera izan da Josu Peña zinegotzia eta honakoa epe luzera begirako egitasmo baten lehen urratsa dela adierazi du; izan ere, Hondarribian zahartze aktiboa sustatzeko helburua dute udalean. Horregatik gutxienez 45 saioko abiapuntua ezartzea adostu dute. Astelehenero egingo dituzte saioak 12:00etatik 13:30etara, Kultur Etxeko 103 gelan.
Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Osakidetzako profesionalen laguntza jaso du.