Bidasoa Atletiko Taldeak zentro berria du
Hilaren 25erako ate irekiak antolatu dituzte, 18:00etatik 19:00etara, bertako instalakuntzak eta profesionalak ezagutzeko.
Irungo lekaenea kalean aurkitzen da Bidasoa Atletiko Taldearen kirol eta osasun zentro berria. Duela gutxi zabaldu zuten arren harrera bikaina izan du zentroak. Adin eta maila guztietako herritarrei zuzendutako espazioa da, entrenamendu pertsonalak, ikastaroak eta fisioterapia, psikologia eta nutrizio zerbitzuak eskainiz ongizatea modu integralean lantzen duena. Gimnasio edo osasun kontsulta bat baina gehiago izan nahi duen zentroa dela azaldu du Bidasoa Atletiko Taldeko idazkaria den Ibon Muñozek.
Zortzi ikastaro eskaintzen dituzte: Pilates, Gluteo boom, Bizkar osasuntsua, Wushu, Defentsa pertsonala, Global stretching, KettleBell & Clubbell eta Vitalizate. Horiek guztiak arduraz hautatuak izan direla adierazi dute eta gainera, profesionalek eskainiak izango direla ziurtatu dute, segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Hilaren 31era arte promozio berezi bat abiatu dute: ikastaro guztiak doakoak izango dira, interesdunek probatu ditzaten.
Zerbitzuei dagokienez Galea klinikako Aitor Aldaya fisioterapeuta izango da fisioterapia zerbitzua emango duena. Nutrizio zerbitzua, Fisiogenomica zentroko Ana Grandioren esku egongo da eta psikologia zerbitzua Sara Mariezkurrenaren esku.
Ate irekiak
Jendea proiektuaren parte sentitu dadin bertako instalakuntzak, zerbitzuak eta profesionalak ezagutzeko ate irekiak antolatu dituzte. Hilaren 25ean izango dira 18:00etatik 19:00etara. Bertaratzen direnek lunch batez gozatzeko aukera izango dute ere.