Abotsanitz: "Sainduako obren prozesua EAJren kudeaketaren adierazle da"
Gogor kritikatu ditu Abosanitzek EAJk Saindua gaztelekuaren lanen gainean egindako adierazpenak.
Saindua gaztelekuaren lanen gainean Hondarribiko EAJk egindako adierazpenei erantzuna eman die Abotsanitzek. “Lotsagarria iruditzen zaigu Sainduako obrak baliatzea, udal gobernuak herentzian jaso duen proiektuarekin, eta hauen irudia zikindu eta etekin politikoa bilatu nahi izatea”, nabarmendu du Abotsanitzek. Lan horien garapena “EAJren kudeaketaren adierazle” dela adierazi du egun alkatetza duen alderdiak, eta azalpenak emateko atzera begirada egin dute, 2017 urtera zehazki, euren iritzia oinarritzeko.”EAJri adierazi nahi diogu asapaldi egon behar zuela amaituta Saindua gaztelekuko obrak, eta gutxienez bost urtean ez ziren hori egiteko gai izan, herentzian jaso dugu buruhauste hau. Ez dugu EAJren autokritikarik espero tamalez. Ziur gaude, jeltzaleen oharra irakurri duten eragile, langile, nerabe ate uren familiak aho bete hortz geratuko direla, gu geu geratu garen gisan”.
Hala, 2017ko hartatik eta 2020ra arte, lan horiek egiteko udalak (EAJrena zen orduan alkatetza) hainbat diru partida onartu egin zituela zehaztu du Abotsanitzek, baina urte horietan guztietan zehar ez zirela hasi, “lau urtean ia milioi eta erdi euro aurreikusi ziren Sainduarako, altxortegian bukatu zutenak. 2021ean, baina, EAJri ahaztu egin zitzaion aurrekontuetan sartzea Sainduako obra”. Abotsanitzen ekimenari esker urte hartako maiatzean onartu zuen orduko udal gobernuak Sainduarako diru partida bat gordetzea.
2021etik aurrera, beraz, lanen lizitazio prozesua abiatu zen. 2023ko urtarrilaren 18an, Abotsanizek emandako datuen arabera, enpresa bati esleitu zitzaion obrak egiteko ardura, eta obrak hasteko baimena 2023ko ekainaren 1ean eman zion orduko alkatetzat enpresari. “2023ko abuztuan, Abotsanitzek lehen hilabeteak zeramatzala gobernuan, enpresa horri kontratua ez betetzeagatik —epeetan batez ere— 39.902 euroko zigorra ezarri zitzaion. Honek adierazten digu EAJk ez duela prozesuaren jarraipena egin”.
Aurtengo maiatzean, hasiera batean obren esleipena bere egin zuen enpresak, beste enpresa batekin zesio kontratua egin zuen, finantzazio arazoak zituelako. “Ordutik, lan planean jasota eta burutzen diren lanen arabera ordaintzen zaio egun lanak egiten ari den enpresari”.
Horiek esanda, Abotsanitzek adierazi du Sainduako obretan “EAJren urteetako utzikeria” izan dela, “haien kudeaketa-eza salatu behar dugu. 2017an hasi zena, sei urteren ostean martxan jarri zen, eta horrek adierazten digu jeltzaleentzat gazteak ez direla inoiz lehentasun izan”. Hala, EAJk bere ahaleginak “beste sektore batzuetan” jarri zituela uste du Abotsanitzek, “kolektibo zaurgarrietan baino”. Alta, EAJren adierazpenetan haiek “informazio falta” dutela esan dutenez, Abotsanitzek erantzun die dekretuen liburuan lor daitekeela lanen gaineko informazio osoa, “baina hori egiteko ere ez dira gai izan”.
Abotsanitzek balioa eman dio Sainduako hezitzaileak egiten ari diren lanari, “gutxitan errekonozitua, isila, baina garrantzitsua”. Saindua oraindik ere bukatuta ez egotearen kaltetuak herriko gazte tea nerabeak direla nabarmendu du alderdiak, “horregatik, Sainduak merezi duen espazio duina aldarrikatu bai dugu”.