Euskal Herriko XIX. Pintxo Txapelketa, Hondarribian
Itsas Etxeak jasoko du pintxoen lehia, hilaren 21etik 23ra. Epaimahaiko buru Tetsuro Maeda izango da.
Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumak jasoko du XIX. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa, hilaren 21etik (astelehena) 23ra. Antolatzaileek nabarmendu dute “munduko pintxo sukaldari onenak” izango direla Hondarribian bitarte horretan. Pintxoak Itsas Etxean bertan egingo dituzte zazpi herrialdeetako partaideek, eta hiru fasetan banatuta izanen da lehia: hiru sailkatze saio egingo dituzte sukaldariak ondoren finalerdia, eta azkenik finala (beheko koadroan xehetasunak).
Pintxo egile apartak bakarrik ez. Epaimahaiko kideak ere entzutetsuak izango dira. Horien buru, epaimahaiaren presidente bezala, Tetsuro Maeda , Atxondoko (Bizkaia) Txipa jatetxearen burua; Euskal Herriko ibilbidea Hondarribian hasi zuen sukaldari japoniarrak, Txapartegi anaien Alameda jatetxean zehazki. Beraz, badu herriaren eta bertako gastronomiaren berri. Harekin batera beste 25 kidek osatuko dute epaimahaikideen zerrenda.
Bi sari nagusi emango dituzte. Lehena sukaldari profesionalek osatutako epaimahaiak emango duena, eta bestea publikoarena da. Hala, lehia bitartean doan izango dute herritarrek Itsas Etxerako sarrera, eta sukaldariak lanean ikusi ahal izango dituzte. showcooking formatupean izango direlako pintxoak sortzen. Aldi berean, saioak Internetez jarraitu ahal izango dira.
Hilak 21, astelehena
- 10:00-13:00. Lehen sailkapen saioak.
- 16:00-19:00. Bigarren sailkapen saioak.
Hilak 22, asteartea
- 10:00-13:00. Hirugarren sailkapen saioak.
- 16:00-19:00. Finalerdiak.
Hilak 23, asteazkena
- 09:30. Finala.
- 12:00. Sari banaketa.