Artiako aparkaleku berriaren obrak, martxan
Etorkizuneko parkingak "aparkatzeko arazoak arinduko" dituela dio Cristina Laborda alkateak. Aparkalekuaren goiko aldean aisialdirako espazio bat eraikiko dute.
Irungo Udalak jakinarazi du gaur (hilak 11) bertan hasi dituztela Artia auzoko aparkaleku berriko obrak. Bertan izan dira Cristina Laborda alkatea eta Jon Ugarte zinegotzia. Belartzako parking estalia eraikitzeko lanen lehen urratsak bertatik bertara ikusi dituzte.
Alkatearen arabera, aparkaleku berri hau “Artiako bizilagunentzat funtsezkoa” izango da: “inguruko auzotarrentzat aldaketa handia ekarriko du jarduketa honek. Izan ere, aparkatzeko arazoak arintzeaz gain, elkarrekin egoteko eta aisialdirako espazio bat ere eraikiko da. Laburbilduz, eremu honetan bizi direnen bizi baldintzak hobetzeko ekimen bat da”, esan du gaurko bisitan.
Egunotan instalazio lagungarriak (obra eremua ixteko hesiak, etxolak…) jarri dituzte eta datozen egunetan haur jolasak eta hiri altzariak desmuntatzen ariko dira. Gero, mikropilotaje lanekin hasiko dira.
Aipatutako lan horiek obraren lehen fasearen barruan kokatu dituzte, datorren otsailean bukatutzat ematea aurreikusi du udalak. Exekuzioa hiru azpifasetan planteatu da, “egungo aparkalekuei ahal bezain gutxien eragiteko” asmoz.
Labordak azaldu duenez, aparkalekua egungo egoeran erabili ahal izango da ia osorik, abendu erdialdera arte; abendu erdialdetik egungo aparkalekuaren %50a okupatuko da; eta urtarril erdialdetik aurrera aparkaleku osoa okupatuko da.
Bigarren fasean, euste lanak bukatzerakoan, aparkalekuaren zuloa hustuko da eta eraikinaren egiturari ekingo diote. Jarraian, instalazioak jarriko dira. Azkenik, eremua berrurbanizatuko da.
Orotara 5.936.230,15 euroko aurrekontua du udalak proiekturako eta 23 hileko epea obrak bukatzeko.
Xehetasunak
Etorkizuneko aparkalekua hiru solairukoa izango da: lurpean bi solairu, eta hirugarrena, Belartzako hegaleko maldaren erdialdean egongo da. Orotara, 169 toki izango ditu. Sarbidea Berroeta margolaria kaletik egingo dute, eta irteera, berriz, Zurbaran kaletik.
Bi gune sortuko dituzte oinezkoak lurpeko aparkalekura sartzeko eta ateratzeko, eraikin eta saltoki gehien dagoen lekuetatik gertu udalaren arabera. Igogailu bat eraikitzea ere aurreikusi du udalak, “aparkalekuaren eta lur gaineko eremuaren arteko irisgarritasuna bermatzeko”.
Lur gainean geratuko den eremua bi zatitan banatuko dute. Estalki osoa aisialdirako baliatuko dute, eta bertan hainbat gune sortuko dituzte. Hala, “auzotarren topagune” bilakatu nahi dute aparkalekuaren goiko aldea.