Fenomena jaialdia, lau hizkuntzatan eta Perura begira
Larunbat honetan (hilak 12) egingo da IX. Fenomena musika jaialdia hondartzako aparkalekuan, eta lehen aldiz lau hizkuntza entzungo dira. Aurten bildutako dirua, Peruko Lima hiriburuko periferiako Puckllay arte eskolara bideratuko dute.
Aurtengo kartela Gabriela Pellejerok egin du. Bederatzigarren urtez antolatu du Fenomena Kultur Elkarteak, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, Fenomena musika jaialdia. Ekitaldia hondartzako aparkalekuan egingo da oraingoan ere, hilaren 12an (larunbatean), eta sorkuntza prozesu betean dauden nazioarteko eta Euskal Herriko musika taldeak igoko dira oholtzara.
Aurtengo edizioko egunaren aurkezpena egin dute gaur Ortzi Alonso Kultura zinegotziak, eta Ernesto Villar eta Oskar Markos Fenomena elkarteko kideek. Alonsok gogorarazi du iniziatiba “herritik sortua” izan dela, eta udazkeneko “erreferentziazko ekimen” bilakatu dela zehaztu du.
Musika jaialdi bat izateaz gain, “konpromiso soziala” duen egitasmoa dela nabarmendu du zinegotziak. Izan ere, behar bereziren bat duen elkarte baten alde egiten dute antolatzaileek, eta gainera, eguna bera boluntarioen lanarekin eusten da. “Atzean urte guztiko lana dago, eta boluntariotzaren bidez egiten dute”, esan du udal ordezkariak. Gaineratu du gizarteak azken aldian dituen joerei begira “zaila” dela boluntariotza konpromisozko lana izatea, eta hori balioan jarri nahi izan du.
Bestalde, aurtengo aurrekontuetan eta baliabideetan “bultzadatxo bat” emango dela adierazi du Markosek, eta nagusiki udalari esker izango dela azaldu du, aurrekontuaren %70 hark jarri baitu. Horrez gain, inguruko enpresen babesa ere eskertu nahi izan dute Fenomenako kideek, hala nola, Bidassoa, Kai eta Kutxa kultur.
Hondarribitik, Perura
Urtero egiten den Fenomena jaialdiak kutsu sozial eta solidarioa daukala berretsi dute segidan. Hartara, edalontzi solidarioa sortu dute 2 euroko prezioarekin, eta jasotako dirua Peruko Lima hiriburuko periferian dagoen Lomas de Caravaylloko Puckllay arte eskolari emango diote.
Duela hogei urte eraiki zen Puckllay (jolasa kitxua hizkuntzan) arte eskola eta tailerra, eta proiektu hori Fenomenako antolatzaileek lehen eskutik ezagutu ahal izan dute, badakite zein den bertako gazteen errealitatea. Beraz, edalontzitik ateratako dirua han eragiteko baliatzea erabaki dute. Zehaztu dute Peruko sol moneta baten balioa, hemengo lau eurorena dela, eta beraz, edalontzi bakoitzarekin zortzi euroko ekarpena egingo dela.
Musikan, nazioartekotasuna presente
Euskal Herriko, Galiziako, Espainiako Estatuko, eta Erresuma Batuko taldeak gerturatuko dira Hondarribiko kostaldera. Lehenbizikoz joko du beste estatu batean parte den musika talde batek, eta erabaki hori, Euskal Herriko musika eskaintzari “plus” bat emateko filosofiatik datorrela azaldu du Fenomenak. Gainera, aurten, lau hizkuntzatan abesten entzuteko aukera egongo da: euskaraz, gaztelaniaz, galiziarrez eta ingelesez.
Eguna, Anari azkoitiarrak hasiko du, 17:00etan. Aurten argitaratutako Giza zarata diskoa aurkeztuko du. Ondoren, Beige Banquet post punk talde britaniarra igoko da taulara, 18:30ean. “Orain gazteek gitarra gutxi erabiltzen dute, baina erabiltzen dutenek post punk estiloa jorratzen dute”, esan du Villarrek.
Hirugarren taldea Perro talde murtziarra izango da, 20:00etan. Gero, Parquesvr taldeak kontzertua errepikatuko du herrian bere pop eta rock doinuekin, 22:00etan izango da. Jaialdia, Grande Amore elektropunk talde galiziarrak itxiko du, 23:30ean hasita.
Orain “modan” dagoen “arratsalde pasako” plana egiteko deia egin dute antolatzaileek, eta eguraldia lagun izango denez, aparkalekuaren inguruan picknick-ak eta bestelako planak egiteko deia egin dute.
Kartelaren egilea Gabriela Pellejero izan da.


