Maitane Melero eta Ander Aramendi, 25. Txingudi Korrikan izar
Atzo goizean egin zuten TxIngudi Korrikaren 25. ekitaldia. Larunbatean, aurreko edizioetan garaile izandakoei omenaldia egin zieten.
Atzo goizean egin zen Txingudi Korrika hamar kilometroko herri lasterketaren 25. ekitaldia. Hendaian hasi, Irun zeharkatu, eta Hondarribiko atletismo pistan izan zuen helmuga. Emakumeetan Maitane Melero iruindarra izan zen azkarrena, eta gizonetan Ander Aramendi sanjuandarra, haren anai Mikelekin lehia estuan. Handbiketan Iñaki Mujikak eraman zuen garaipena zakura, Ion Galarragaren eta Dmitry Maskinen aurretik. 602 korrikalarik emana zuten izena, eta horietatik 527 iritsi ziren helmugara; iaz baino partaide gehiago izan ziren. Berezia izan zen lasterketa horren mende laurdeneko proba.
Aldaketekin iritsi da aurtengoan Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) antolatzen duen proba. Batetik, larunbat arratsaldetik, igande goizera mugitu zuten lasterketa. Bestalde, aurten, hamar kilometroetako Gipuzkoako Txapelketa barnebildu zuen lehiak. BAT pozik azaldu da aldaketek emandako emaitzarekin. Gainera, eguzkitsu joan zen goiza, baina lasterka egiteko nahi baino tenperatura epelagoa izan zen beharbada.
Emakumeetan, Melerok erraz samar irabazi zuen lasterketa, ia hasieratik hartu zuelako aurrea. “Gaur arte, Txingudi Korrikan emakumeetan izan den mailarik altueneko korrikalaria izan da”, zehaztu dute BATetik. Hala, 36.53ko denbora egin zuen nafarrak. Bigarren Ane Elzaurdia (Bera) izan zen, 38.17koarekin; hirugarren, berriz, Libana Taboada oriotarra, 41.23rekin.
Gizonetan, Ander eta Mikel Aramendi anaiek, Pasai Donibanekoak, lasterketa ederra egin eta euren arteko lehia bizia eskaini zuten. Azkenean Anderrek aurrera egin, eta bere egin zuen 25. Txingudi Korrika 32.57ko denborarekin, anaia baino bost segundo azkarrago eginez proba. Hirugarren Bidasoko lasterketetan klasiko bat: Jose Antonio Gomez de Arriba irundarra, 33.10eko denborarekin. Podiumeko hirurak BATeko kideak dira.
Gipuzkoako Txapelketa ere izan zen atzokoa, hamar kilometroko distantziakoa. Gizonen kategorian, lasterketako lehen hirurek eraman zituzten herrialdeko dominak. Emakumeetan, berriz. Gipuzkoako lehena Libana Taboada izan zen, bigarrena Nerea Sarriegi hondarribiarra, eta hirugarrena Sara Agirre.
BATek eskerrak eman dizkie Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalei emandako laguntzagatik, baita boluntario eta babesleei ere.
Jarraian, sailkapenen laburpena (behean sailkapen osora iristeko esteka)
Emakumeen lehen bost postuak
- 1. Maitane Melero (Iruñea) 36.53
- 2. Ane Elzaurdia (Bera) 28.17
- 3. Libana Taboada (Orio) 41.23
- 4. Nerea Sarriegi (Hondarribia) 42.41
- 5. Idoia Maritxalar (Lesaka) 43.47
Gizonen lehen bost postuak
- 1. Ander Aramendi (Pasai Donibane) 32.57
- 2. Mikel Aramendi (Pasai Donibane) 33.03
- 3. Jose Gomez de Arriba (Irun) 33.10
- 4. Jon Urtizberea (Irun) 33.18
- 5. Iñaki Elola (Azkoitia) 33.27
Sailkapen osoa ikusteko, klik egin hemen.
25. Txingudi Korrikak aitortzarako uneak ere izan ditu. Lasterketa igande goizean izan bazen ere, larunbatean ekitaldi instituzionala egin zuten Hondarribiko udaletxean. Han, aurreko 24 edizioetan irabazle izan direnei omenaldia egin zieten. Bidasoko atletismoko aurpegi ezagun asko izan ziren, beraz, baina baita Gipuzkoako lasterketen munduko izen handi dezente ere. Bidasoko udal ordezkariek eman zizkieten oroigarriak omenduei, eta ondoren, Klink elkartean luntxaz gozatu zuten.