Txingudi Korrikaren harira trafiko aldaketak, bihartik igandera
Igandean 10:00etan hasiko da lasterketa: Hendaiatik irten eta Hondarribian bukatuko da. 11:30etarako errepideetan normaltasuna berreskuratzea aurreikusi du udalak.
Igande honetan izango da Urme Etxe-agentzia Txingudi Korrikaren 25. edizioa. Lasterketaren ibilbidea egokitzeko ostiraletik igandera errepideetan aldaketak izango direla jakinarazi du udalak.
Igandean 10:00etan hasiko da lasterketa: Hendaiatik irten eta Hondarribian bukatuko da eta 11:30etarako errepideetan normaltasuna berreskuratzea aurreikusi dute. Mendelutik sartuko da lasterketa Hondarribira. Aireportua igaro eta Sabino Arana kaletik egingo du aurrera. Bernart Etxepare kaletik Zuloaga kaleari helduko diote segidan lasterkariek, eta Itsasargi kaletik Hondartza Kiroldegiko atletismo pistan helmugaratuko dira.
Trafiko aldaketei dagokienez, ostiralean bertan, ezin izango da Zuloaga kalean aparkatu eguerdiko 14:00etatik igandeko 11:30ak arte (gutxi gorabehera). Igandean, berriz, Hondartza Kiroldegiaren atzeko aparkalekua ezin izango da erabili eta 10:00etik lasterketa bukatu arte ezinezkoa izango da Foru Kaletik Portura sartzea. Lasterketak dirauen bitartean, autoek ezin izango dute Mendelutik igaro. Amutera igarotzeko bidea honakoa izango da: “Hospitale aldera joan beharko da eta handik Amutera” adierazi dute udaletik. Azkenik, Bidasoa, Axular, Benta, Matxin Artzu eta Almirante Alonso kaleetan dauden autoak Itsasargi kaletik aterako direla jakinarazi dute bypass bat eginda.