Igor Enparan alkatea: "Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut"
Alkateak gutuna helarazi die hondarribiar guztiei. Jaiak bitartean bizitakoa konpartitu nahi izan du. Elkarbizitza gaiztotzeko "zurrumurruak eta gezurrak" zabaldu direla adierazi du.
Igor Enparan alkateak, Hondarribiko postontzi guztietara iritsi den gutun bidez, Jai Nagusietan nola sentitu den azaldu du. Lehen pertsonan hitz egin du, batez ere Alardeari buruzkoen gaineko gogoeta egiteko. Alkate bezala hitz egin du, baina esandakoetan pertsonaletik ere badela antzeman daiteke. “Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut”, esan du. Hori argudiatzeko hainbat adibide eman ditu, hari gertatutakoak, nahiz herrian oro har izan direnak. Adierazitakoen artean, udal agintariari eraso egiten saiatu zirela, “norbaitek ere jotzeko ahalegina egin du”.
Aldi berean, herrian zabaldu diren hainbat esames eta zurrumurru gezurtatu ditu, eta esan du horiek “gure arteko, herritar guztien arteko elkarbizitza” gaiztotzeko zabaldu direla, “min egiteko”.
Ez du etsiko. “Hondarribiar guztien artean Alardea bizitzeko akordio bat topatzeko asmoz” lanean jarraituko duela esan du agirian, “tentuz baina nekaezin, eskuzabal eta temati”. Laguntza eskatu Enparanek, ordea, “bide hau elkarrekin eraikitzeko. Hondarribia justuagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko”.
Jarraian, hitzez hitz, alkateak gutun bidez adierazitakoak.
“Hondarribiar estimatua:
Igor Enparan naiz, herriko alkatea. Uda giroa alde batera utzi, eta ohiko zeregin eta buruhausteekin izango zara dagoeneko; lan kontuak, etxeko lanak, haurren eskola, gurasoen zaintza… Bi minutu besterik ez dizkizut kenduko, alkate gisa jaiak nola bizi izan ditudan esan nahi dizudalako.
Alardea dela eta, urte osoan zehar lanean aritu naiz eragile ezberdin ugarirekin elkarrizketak burutuz adostasunak bilatzen. Konponbidea landu nahi dugulako, bai jai bezperatan, abuztuaren amaiera aldera, pozik nintzen gainera, lan horrek emaitzak eman zituelako. Aurreko urteekin alderatuta adostuta zegoen udala izango zela erakunde publiko bakarra baimena ematen bi eragilek baimena jasoko zutela ere bai, Alardea hondarribiar guztiok batera baina ez elkarrekin ospatuko genuela partekatua genuen.
Egon zitezkeen ezberdintasun txikietan, adoiz, aurreko urteko Segurtasun Sailaren ebazpenera jo genuen, inork eztabaidatu ez zuen ebazpena izan zelako. Lanketa hau guztia egin genuen uste dugulako hondarribiarrok badugula jaiak lasaitasunez, jai-giroan eta soseguz gozatzeko eskubidea. Arazoek konponbide justuak behar dituztelako, eta ez gezurrak.
Gezurrak diot agian lankideren batek esan dizulako alardeak Alardearekin zerikusia duten ekimenak debekatzea erabaki zuela. Ez da egia, nik Alardea eta gainerako egunetan egiten diren ekitaldiak burutzeko baimenak eman nituelako. Beste faltsukeria hau ere esango zizuten akaso: irailaren 7an debekatu nuela HAOSEren sarrera Arma Plazan. Hori ere gezur borobila da; horrelakorik ez zaidalako ezta burutik pasatu ere. Edo entzun duzu eragileak ez nituela berdintasunez tratatu. Agian gaiztakeriaz esan dizute tabernek gauerdian itxi beharko zutela, baina hori ere ez da egia izan inoiz, azken urteotako ordutegien baimen berberak eman baitira.
Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut. Zurrumurruak eta gezurrak zabaldu dira gure arteko, herritar guztion arteko elkarbizitza gaiztotzeko, min egiteko. Eta uste dut ez zuk ez nik ez dugula hori merezi. Txistuak entzun ditut, irainak, mehatxuak… norbaitek ere jotzeko ahalegina egin du. Hori zuzena da? Onargarria Hondarribian? Uste duzu kanpaina maltzur hori antolatu duen jendeak gure Udala, herriko instituzio nagusia, errespetatzen duela?
Zuetako askoren babesa ere jaso dut eta animo mezuak amaigabeak izan dira. Jasotako babes hori guztia bihotzez eskertzen dut. Beharbada, zu zeu ere erasotua sentitu zara, haserre, deseroso… baina garbi dut hondarribiar gehienak garela gorrotoari maitasunez erantzungo diogunak. Hondarribia eta hondarribiar guztiak maite ditugulako, denen alde lanean ari garelako.
Horregatik, bide horretatik jarraituko dugu. Tentuz baina nekaezin, eskuzabal eta temati. Hondarribiar guztien artean Alardea bizitzeko akordio bat topatzeko asmoz. Zeregin honetan dudan onena emango dudala ziurtatzen dizut eta, aldi berean laguntza ere eskatu nahi dizut bide hau elkarrekin eraikitzeko, Hondarribia justuagoa eta demokratikoagoa egiteko”.
Igor Enparan. Hondarribiko alkatea.