Hispanitatea "genozidioa" dela salatuko dute hilaren 12an
Elkarretaratzea deitu dute Zabaltza plazan, 12:00etan, eta ondoren, topaketa internazionalistak egingo dituzte Lakaxitan.
Datorren hilaren 12a, Hispanitatearen Eguna da eta Irunen ez dagoela deus ospatzeko aldarrikatzeko deia egin dute Bidasoa Antifaxistak, Lakaxita Gaztetxeak eta Bor Bor hausnarketa kolektiborako plazak. “Nafarroaren konkista, Kolon, jatorrizko herrien genozidioa, emakumeen kontrako bortxa, arrazismoa, nagusikeria, kapitalismoa… ez da kasualitatea, biolentziaren gorazarre hori dena egun berean egitea” azaldu dute.
Hilaren 12a ospatzeak, Abya Yalan 40 milioi pertsona hiltzea ospatzea dela salatu dute hiru taldeek. Aldi berean, azal zuridun kapitalisten nagusikeriarekin bat egitea da haien hitzetan, eta konkistatzaileek emakumeen kontra baliatu zuten bortxa sistematikoa zuritzea. Bide horretan, Euskal Herria okupatzen ari diren indar polizialekin “poztea” litzateke ospakizun hau, eta Guardia Zibilaren eta Hispanitatearen Ama Birjina goraipatzea. “Ez, eskerrik asko. Guk ez dugu ospatzeko deus ere” gaineratu dute.
Ez ospatzeko eta erresistentziara batzeko deia egin dute, eta horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute. Hasteko, elkarretaratzea egingo dute Zabaltza plazan, 12:00etan. Ondoren, Amets Selektah musika jartzen arituko da Hazian, 13:00etan, pintxada antikoloniala izaera izango duena. Ondoren, topaldi internazionalistak egingo dituzte Lakaxitan. 17:00etan ongietorria egingo dute, eta 17:30ean Ni ez naiz kolonialista baina hitzaldia eskainiko du Axier Lopezek. Azkenik, eskualdeko internazionalistekin solasean arituko dira, 18:30ean.