Gaur hasiko da 'Nestor Basterretxea, Zinema mugan' zikloa
Basterretxearen filmografiaren inguruko proiekzio zikloa aurkeztu dute gaur. Hiru ostegunetan egingo da, gaurtik hasita.
Aurten 100 urte bete dira Nestor Basterretxea jaio zenetik eta Euskal Herri osoan egin diren omenaldi eta ekitaldiei ginga hartzeko Hondarribiko Udalak Nestor Basterretxea, Zinema mugan zikloa antolatu du. Bere filmografiaren inguruko zikloak hiru hitzordu izango ditu: lehena gaur izango da Kultur Etxean 19:00etan, bigarrena datorren ostegunean, hilak 10, Itsas Etxean, 19:00etan eta hirugarrena hilaren 17an, Kultur Etxean, 19:00etan.
Zikloa aurkezteko prentsaurrekoan Ortzi Alonso Kultura zinegotziak Basterretxea bera ezagutu ez zuela aitortu du, baina haren senitartekoak ezagutzeko “aukera eta zortea” izan duenez, haren inguruko hitz batzuk esatera ausartu da. Eskultore, margolari eta zinemagile zenaren herriarekiko konpromisoa, sortzailea eta gizatasuna ezaugarriak nabarmendu ditu.
Gaur arratsaldean Peio Aguirre eta Juan Pablo Huercanosen arteko elkarrizketa bat eta bost proiekzio labur ikusi ahal izango dira: Alquézar. Retablo de Pasión (12′), Operación H (12′), Sin título (12′), N.B.-ren erretratu bat (5′, eusk.) eta LABO (13′). Horietako batek, gainera, istorio bitxia du. 2017an gradu amaierako lana egiten ari zela aurkitu zuen Telmok Sin título laburmetraila: “aitonaren filmografiaren inguruko lana egiten ari nintzen eta aitonaren baserrian aurkitu nuen super-8 bat (formatu zinematografikoa) eta bertan pelikula bat agertu zen, bost minutuko laburmetrail bat”. Hala, artistaren filmografiara batu zen.
Hilaren 10ean, berriz, Ama Lur pelikula (100′) proiektatuko dute, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek ekoitzitakoa. Obra enblematiko bat dela azaldu du Telmok, “euskal zinemako lehenengo luzemetraila da, sinbolo bat”. Pelikularen sarrera Ane Lekuona arte historialariak egingo du. Lekuonak Basterretxearen inguruko tesia ondu zuen. Egun honetan, paraleloki, Hondarribiko Udal Liburutegian Nestor Basterretxearen Zinbawe eskulturarekin lotutako haurrentzako tailer bat eskainiko dute ere.
Azken proiekzioan, berriz, Iparralde hiribidean dagoen Oteiza eta Basterretxea tailer-etxearen inguruko aurkezpen bat egingo du Fernando Golvanok. Tailer-etxea eguneratzeko proiektuaren komisarioa da eta haren nondik-norakoak azalduko ditu estreinakoz. Segidan, tailer-etxearen inguruko bi laburmetrai proiektatuko dira: Casa vacía, Jesus Mari Palaciosena (21′) eta Tienes plena libertad para proyectar, Telmo Basterretxearen gradu amaierako lana (14′).
Ziklo honek Punto de vistaren, Jorge Oteiza fundazioaren, Artium Museoaren, Euskadiko filmategiaren eta Hondarribiko Udalaren laguntza jaso du eta horiei guztiei eskerrak eman dizkie ilobak familia osoaren izenean.