Osasun zerbitzua hobetuko delakoan itxaropentsu da Abotsanitz
Osasun sailburuak emandako urratsak garrantzitsutzat eman ditu herri plataformak, eta herri mugimenduari zein ordezkari instituzionalei eskerrak eman dizkiete egindako lanagatik.
Abotsanitz itxaropentsu agertu da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarrera aldaketarekin. Alberto Martinez da sailburu berria eta harekin birritan elkartu dira Hondarribiko eta Irungo alkateak. Orain artean, bilerak lortzea eta gai ezberdinak mahaigaineratzea ia ezinezkoa zen. Bilera horien emaitza gisa etorkizuneko Plan Integral bat sortzeko bide orri bat adostu zuten, eta oraingoz adierazpen asmoetan geratu bada ere, “abiapuntu egoki baten aurrean” daudela uste du herri plataformak.
Plan Integrala sortzeko pausoa positiboki baloratu dute, horrek lehen mailako arreta zerbitzua, espezialitateak eta ospitale zerbitzuetan hobekuntzak ekarriko baititu, eta aldi berean, herritarren beharrei erantzuteko abagunea izango delako. “Sinistuta gaude hau dela herri egiteko modua, gertukoa eta kalitatezkoa den zerbitzua eskaintzea alegia”.
Otsaileko udalbatzan aurkeztu eta gehiengo osoz onartu zen Abotsanitzek aurkeztu zuen osasun zerbitzuen hobekuntzarako proposamena. Osakidetzak eskaintzen dituen hainbat espezializazio zerbitzu Hondarribiko anbulatoriora ekartzea eskatu zuten orduan, “maiztasun jakin batekin, herritarren bizi kalitatean hobekuntza bat izango zelakoan”. Hortaz, osasun sailburuarekin izandako hartu eman positiboaren ondorioz, udalbatzan onartutako proposamena Plan Integral horretan txertatzea espero dute Abotsanitzeko kideek.
Azkenik, herri mugimenduari, eta bereziki Osasun Bidasoa plataformari, egindako aldarri eta mobilizazioengatik eskerrak eman dizkiote, “gizartea antolatzen denean gauzak lortzen denean gauzak lortzen direla ikusarazi dutelako”. Eta aldi berean, eskualdeko ordezkari instituzionalek izandako jarrera goraipatu dute, izandako konpromiso eta lanagatik.