Bakardadearen kontra, hiru metroko zuhaitza herritarren hostoekin
Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren 'Maitatzearen artea' iniziatibarekin bat egin du Irunek. Horren barruan, instalazio artistikoa jarri dute Palmera Monteron.
Hiru metroko zuhaitz bat, irundarrak jaso edo egindako hostoekin. Irantzu Lekueren instalazio artistikoa ezarri dute Palmera Monteron. Zuhaitz handi bat da, hosto koloretsu askorekin. Urriaren 2ra arte izango da han. Izan ere Irunek bat egin du Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren Maitatzeren artea iniziatiba artistikoarekin, eta horren barrukoa da instalazioa egikaritu izana. Adin guztietan izan daitekeen sentimendu baten prebentziorako kanpaina da hura: bakardadea. “Belaunaldi arteko proiektu honek giza harremanen eta lotura afektiboen balioa aitortu nahi du, horiek ikusarazi nahi ditu, eta horren guztiaren inguruko harsnarketa piztu nahi du”, esan dute Irungo Udaleko iturrietatik. Udalaz gain, hiriko askotariko eragileek bat egin dute kanpainarekin parte hartze prozesu baten bitartez, eta horiek arduratu dira instalazioaren hostoak egin, eta kanpainaren barruko mezua euren eragileen barruan lantzeaz. Adin guztietako irundarrak batu dira iniziatibara.
Lekuek zuhaitzaren figura ez du ausaz aukeratu. Maitasunaren eta sendatzeko indarraren erakusgarri da ahren ustez zuhaitz. Ondokoak laguntzea eta haiekin edozer partakatzea zer garrantzitsua den ikusarazi nahi izan du sortzaileak.
Instalazioaz gain, Maitatzearen artea-ren barruan beste ekitaldi batzuk antolatu dira. Adibidez, urriaren 1 eta 2an sormen prozesuan parte hartu duten hiriko eragileekin gaiaren gaineko gogoeta saioak antolatu dituzte. Urriaren 23an, berriz, Javier Yanguas psikologoak bakardadeari buruzko hitzaldia emango du Palmera Monteron bertan, 18:00etan hasita. Ekitaldi horretan zuhaitzaren sormen prozesu osoaren argazkiak nahiz egin diren hausnarketa kolektiboak ikusi ahal izango dira.
Honakoak dira Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren jardueran parte hartu duten eragileak: ONCE, Martindozenea gaztelekua, Artiako gaztelekua, Isolamendua Prebenitzeko Programa eta Bakardadearen Kontrako Proiektua, Hirubide, Zentro Sozialen Dinamizazioa, Mendibil Lanbide Hastapenerako Zentroa, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Osakidetza, Plaiaundi Institutua, Gure Altxor eta Eguzkitza, Afagi, Caser Betharram. Ama Xantaleneko dinamizazio taldea, Irungo Hiritar Foroa, Txingudi BHI, Caser Anaka egoitza, Kulturarteko Bitartekotzako Programa, Bidasoa Zurekin, eta Nahai komunitatea.