Hiri garraio zerbitzu bat ezartzea proposatuko du PSE-EEk
Udal Talde Sozialistak gaur, osteguna, udalean egingo den ohiko osoko bilkuran hiri autobusa martxan jartzeko beharra aldarrikatuko du.
Hondarribiko PSE-EEk gaur, hilak 26, Udaletxean egingo den ohiko osoko bilkuran hiri autobusa martxan jartzeko beharra aldarrikatuko du. “Hiriko autobus zerbitzua martxan jartzeko proposamena aztertu ondoren, Hondarribiko PSE ekimena babestearen aldekoa da, eta, gainera, beharrezkotzat jo du kostu txikiko autobus zerbitzua ezartzea Mugi txartelaren onurekin eta zerbitzuen arteko hogei minutuko maiztasunarekin “. Sozialistentzat, beraz, hiri garraioa “funtsezkoa” da.
Talde Sozialistak argitaratu duen prentsa oharraren arabera, urteetan zehar PSE-EEk hiri garraioa hobetzeko duen konpromisoa areagotu egin da; hain zuzen, garraioa landa eremura hedatzeko proposamenak aurkeztu dituzte. “Sozialisten ekinari esker, 2007-2011 legegintzaldian aurrerapen handiak ezarri ziren hiri garraioan. Hots, aurtengo ekainean, hirian autobus zerbitzua behin betiko martxan jartzeaz arduratuko den batzorde bat osatu zen, sozialisten proposamenak islatzen dituena”, diote. Ildo beretik, gehitu dute kalitatezko garraio zerbitzu publiko, irisgarri, seguru eta jasangarri baten alde egiten duela lanean ari den erakunde guztietan.
Eta honela amaitu dute oharra: “Mugikortasun Iraunkorreko sailburu Susana Garcia Chueca sozialistak duela gutxi egindako apustuari balioa eman behar zaio, 12 urtetik beherakoentzako doakotasunaren alde eginez”.