EH Bildu, Oinaurreko osasun zentroaz: "Hitzetatik ekintzetara pasa dadila Jaurlaritza"
Koalizioak Jaurlaritzari eskatu dio datozen aurrekontuetan eskualdeko osasun zerbitzuak hobetzeko diru partidak ezar ditzala.
Eusko Jaularitzako Osasun Sailaren azken adierazpenen gaineko gogoeta zabaldu du Irungo EH Bilduk. “Hitzetatik ekintzetara pasa dadila Jaurlaritza”, esan du koalizioak. Izan ere, EH Bilduk azaldu du Jaurlaritzak “azkenean” ontzat eman dituela Irungo Udalak osasun zentroen gainean egindako eskaerak, eta tartean Jaurlaritza prest da Oinaurreko anbulatorioa egiteko: “Jaurlaritzari eskatzen diogu eskualdeko osasun zerbitzuak hobetzeko diru partida jar dezala aurrekontuetan, eta aldi berean, aurrera ditzala Oinaurren hiriko hirugarren anbulatorioa egiteko lanak”. Bilkideen ustez Oinaurrekoa da azkar batean lanak hasteko aukera ematen duen toki bakarra, “eta ez da ahaztu behar Jaurlaritzak eskualde honekin zor historikoa duela”.
Hirugarren anbulatorioa bakarrik ez. Bidasoko osasun azpiegituren egoera eskasa estrukturala dela uste du EH Bilduk. Hala, eskualdeko udalekin, osasun profesionalekin eta eragileekin garatu beharreko plan baten beharra nabarmendu du, “anbulatorio berriz gain, osasun sistema publikoari buruz osotasunean hitz egin behar da. Zentzu horretan, Bidasoko Ospitaleren gabeko erantzunak eman behar ditu Osasun Sailak: bosgarren unitatearen lanak, eta ebakuntza-gelen berritzea”.
Azken mugimenduak testuinguru orokor baten barruan kokatu ditu koalizioak. Azaldu du hiritarren nahiz osasun profesionalek aspaldian borrokaldia hasi zutela Bidasoko osasun zerbitzuak hobe daitezen eskatzeko, “azken hilabetetan milaka izan dira horren eske kalera atera direnak. Edonola ere, Jaurlaritzak jarraitzen du beharrezkoak diren inbertsioak egin gabe, eta etorkizunari begirako palan ere ez du, egoerari aurre egiteko”. Hala, EH Bilduk bai Irunen zein Eusko Legebiltzarrean lanena jarraituko duela adierazi du, “gure helburua da eskualdean kalitatezko osasun arreta lortzea”.