Topaketa pedagogiko eta feministak antolatu ditu Kera elkarteak
Irunen errotutako Kera emakume ijitoen elkarteak antolatu ditu topaketak Donostiako EHUko Magna aretoan, urriaren 10 eta 11n. Aurtengoan, abokatuak dira gonbidatu bereziak.
Irunen errotuta dagoen Kera Emakume Ijitoen elkarteak IV. Topaketa Pedagogiko eta Feministak Emakume Ijitoekin antolatu du urriaren 10 eta 11rako. Donostian izango da, EHUko Magna aretoan, 09:30etatik 14:15etara. Erakunde publikoek babestutako topaketa da, hala nola, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Emakunde eta EHU.
Ponentziak eta abokatu emakume ijitoen hitzaldi ezberdinak da antolatu dutena. Ahots asko bilduko dituen topaketa izango da, eta bi ekitaldi nagusien artean egingo den kafeak harremanak estutzeko balioko du. Irekiera, baina, Miren Elgarresta Emakunderen Lehendakariak, Maite Peña aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak, Nerea Isasi DFG Berdintasuneko zuzendariak, eta Ana Maria Jimenez Kera elkarteko presidenteak egingo dute.
Lau ponentzia prestatu dituzte eta aukeratu egin beharko dute interesa dutenek. Izan ere, denbora guztian bi ponentzia gainjarri egingo dira. Emakume ijitoekiko biolentzia forma ezberdinak hitzaldian hartuko du parte Paz Peñak, 10:00etan. Ordu berean, Andrea Khalfaouirena izango da hitza eta Kataluniako ikasle ijitoen topaketaz arituko da, 10:00etan ere.
Ondoren, Irungo Parean eta Kera elkarteek martxan duten Emakumeok Zast! proiektuaz arituko dira, 11:30ean. Momentu berean, Kera elkartea eta Kera elkarteko gazteak igoko dira oholtzara eta Etorkizuneko profesionalak trebatzen, eta Emakume ijito nerabeen esku hartzea hezkuntzan ponentziak eskainiko dituzte.
Kafearen tartea hasiko da ondoren, eta 12:00etan berriro sartuko dira Magna aretora. Abokatu ijitoen hitzaldiak hasiko dira. Lehenbizi, 12:15ean, Fabiola Moreno Camacho, abokatu eta jurista ijito elkartearen sortzaileetako bat denak, Maria Teresa Cortes Cortes abokatu eta interbentzio sozialeko langileak, eta Vanessa Rosa Rosendo abokatu eta berdintasun eta diskriminazio teknikoak hartuko dute hitza. Ondoren, 12:30ean, Aurora Fernandez, abokatu eta ekintzailearen, eta Josefa Salazar Salazar abokatu eta enpresariaren txanda izango da.
Goiza Kera elkarteak itxiko du eta Emakume Ijitoekin Topaketak aldizkariari buruz solastatuko dira. Bertaratu nahi duenak izena eman behar du aurretik lotura honetan ageri den formularioa betetzen. Hizlarien gaineko informazio gehiago topatzeko, Kera elkartearen sare sozialetara jo daiteke.