Asturiagan eraildako bi biktimen senideei harrera egin diete
Aurten 50 urte bete dira Xabier Mendez Villada Poeta eta Jose Luis Mondragon Elortza Moriko tiroz erail zituztenetik.
Aurten 50 urte bete dira Hondarribiko Asturiaga portuan edo Fraideen hondartzan Roke Xabier Mendez Villada Poeta eta Jose Luis Mondragon Elortza Moriko tiroz erail zituztenetik. 50. urteurrenean, harrera egin zieten atzo Igor Enparan alkateak eta zenbait zinegotzik biktimen senideei.
Alkatearen arabera, gertakari hau “ahaztuta” egon da 50 urtez: “Erailketa horiek testuinguru batean eman ziren, hau da, Giza Eskubideak errespetatzen ez ziren diktadura batean, eta nahiz eta kontakizun ezberdin asko izan, garai horretan ez zegoen demokratikoki eman behar den gertaeren zilegitasunezko informaziorik. Hori dela eta, 2023an Udaleko Bizikidetza Mahaiak ikerketa hau eskatzea erabaki zuen”, esan zuen atzoko harrera ekitaldian.
Bada, ikerketa historiko, objektibo eta kualifikatu baten txostena jaso zuten atzo biktimen senideek. Aranzadiko Javi Bucesek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Eneko Etxeberriak gidatu dute ikerketa eta txosten honetan gertakariaren nondik norakoak jaso dituzte. “Egileek azterketa egin eta gero atera dituzten ondorioak ez dira ikuspegi pertsonal batetik ateratakoak, baizik eta azterketa zientifiko eta profesional batetik ateratakoak”, gaineratu du Enparanek.
Txosten honen bidez “justizia eta erreparaziorako eskubidea” daukatela aldarrikatu nahi izan du alkateak eta “memoria egiteko” ere baliatuko dutela erantsi du, “bai senideentzat, bai eta Hondarribiko herriarentzat ere”.
Txostena aurki eskuragarri izango da Hondarribiko Artxibo Historikoan.