Borrokatzeko gogoz, badatoz Moskuko bestak
Txapelketa andana, urre kolorea duen bertso saioa, musikaren faltarik ez eta Kortaturi omenaldia bere sorreraren 40. urteurrenean. Saltsa handia espero da izar gorriaren plazan, abuztuaren 14tik 18ra.
Behobiako jaien ondoren, Moskuko jaien txanda izango da, abuztuaren 14tik 18ra. Bost egun iraungo dituzte aurtengo jaiek eta Ez lokartu, borrokatu da aurtengo jaietako mezua. Kartelaren diseinua Cristina Juaniz artista irundarrak egin du. [Programazioa osorik, bukaeran].
Aurten ere eragile ezberdinak aritu dira programazioa ontzen: Atxiki pilota eskola, Antxeta Irratia, Erlaitz Mendizaleen Elkartea, Irunabar Bertsoaren Bilgunea, Kemen Dantza Taldea… Batzuk esperientzia dute izar gorriaren plazako festetan, beste batzuk aldiz, berriro datoz bueltan edota lehen aldiz arituko dira.
Izan ere, Kortatu taldearen 40. urteurrena ospatzeko omenaldi bat antolatu dute auzotarrek hilaren 16rako. Peña kalean, iazko abenduan inauguratu zuten Iñigo Muguruza musikari irundarraren muralaren aitzinean izango da 18:00etatik aurrera. Aurreratu dutenez, Bad Sound Systemek kontzertua eskainiko du eta harekin batera izango dira beste hainbat musikari, esate baterako, Asmathic Lioneko kideak eta Uwaprods. Mokadutxoa jateko tartea ere egingo dute, eta dantzariek lurra astinduko dute ere.
Antxeta Irratiko Zipriztina Mafiako Zintia Distira eta Pepa Glamurrekoetxea Moskuko aitabitxi eta amabitxi izango dira hilaren 17an. Irratiko estudioa plazara eramango dute eta zuzenean arituko dira irrati saioa eskaintzen. Hendaiako Bordeline fabrikarekin arituko dira kolaborazioan, eta bihurrikerietan.
Antzerkiak eta farandulak ere merezitako oholtza izango du. Patata Tropikala haurrentzako antzerkia antzeztuko dute Judith Povesek eta Iker Etxarrik, hilaren 15ean, 12:30ean. Horrez gainera, jaietako azken egunean (hilak 18) El Gran Espectaculo Mental del Profesor Vicente espektakulua denak zur eta lur uztera iritsiko da.
Klasikoek ere bere lekua izango dute eta Moskuko Mila Herrikoia egingo da jaietako txupinazoa bota ondoren (hilaren 14an). Aurretik, baina, Ibilbide Historikoa egiteko aukera izango da Mertxe Trantxeren eskutik, 17:00etan hasita.
Bertso saioak ere ezin zuen falta. Hilaren 15ean egingo da Irunabar Bertsoaren Bilguneak antolatuta, eta bertsotan arituko diren ohorezko gonbidatuak Libe Goenaga, Irantzu Idoate, Nerea Elustondo eta Oihana Bartra izango dira. Gai jartzaile lanetan Adrian Arruti auzotarra arituko da.
Bestalde, kartelean iragarrita ez badago ere, bolo eta toka txapelketa egingo da beste urte batez. Egun berean, gainera, futbolin txapelketa ere egingo da lehenbiziko aldiz, eta urteroko mus txapelketak ez du hutsik egingo. Ez da aurretik izena eman beharko.
Pala txapelketa
Txapelketaz lepo josita etorri dira ere aurtengo festak, eta hilaren 16an, Pala txapelketako finalak jokatuko dira Atxiki pilota eskolak antolatuta. Hiru maila egongo dira: hastapenekoa, ertaina eta aurreratua.
Txapelketa hau, hilaren 12tik 16ra egingo da Uranzu pilotalekuan, 16:00etatik 22:00etara. Banaka zein binaka ahalko da izena eman, eta banaka izena ematen dutenei Atxiki pilota eskolak bilatuko die bikotea. Inor bikoterik gabe geratzekotan, pilotariak ordezko bezala jokatu beharko luke.
Materiala eramatea pala jokalariaren ardura izango da, baina teniseko pilotak Atxikik jarriko ditu. Bestalde, ohartarazi dute antolatzaileek ez dituztela beren gain hartuko txapelketan zehar gerta daitezkeen “gorabeherak edota istripuak”.
Partiden ordutegiak antolakuntzak zehaztuko ditu. Hala ere, bikoteren batek ordu aldaketa egiteko beharra badu, horretarako aukera egongo dela azaldu dute. Antolatzaileekin jarri beharko dira harremanetan eta aurkariekin adostu beharko da aldaketa.
Pala txapelketarako izen ematea doakoa da, baina inskribatu egin beharko da hilaren 3a baino lehen 612 25 66 31 telefono zenbakira idatzita Whatsapp edota Telegram mezu bat.
Herri bazkaria
Hilaren 17an, herri bazkaria egingo da Peña kalean. Paella edota barazkiak arrozarekin izango da aurtengo plater izarra eta Erlaitz Mendi Elkarteak kolaboratuko du kozinatzen. Beraiekin batera beste hainbat auzotar ere gerturatuko dira suetara.
Tiketak gaur, hilak 1, jarriko dituzte salgai 12 euroan honako ostatu hauetan: Aia, Altzola, Aranaztarra, Deportivo, Eskina, Hazia eta Larraganen. Menu begetarianoa eskatu ahalko da.
Hilak 14, asteazkena
- 17:00etan: Ibilbide Historikoa Mertxe Trantxerekin. Irteera, Ama Xantalen ermita.
- 19:00etan: Txupina, pregoia eta txosnen irekiera.
- 19:30ean: Moskuko Mila Herrikoia.
- 21:30ean: Kontzertuak
- NAKAR
- SEI SEGA
- LISABÖ
Hilak 15, osteguna
- 12:30ean: Patata Tropikala antzerkia.
- 18:00etan: Kemen Dantza Taldea.
- 19:30ean: Bertso saioa
- Libe Goenaga
- Irantzu Idoate
- Nerea Elustondo
- Oihana Bartra
- Gai jartzailea: Adrian Arruti.
Hilak 16, ostirala
- 16:00etan: Pala Txapelketako finalak Uranzu pilotalekuan.
- 16:00etan: Mus Txapelketa.
- 17:00etan: Dardo eta futbolin txapelketak.
- 18:00etan: Kortatu taldearen 40. urteurrenaren ospakizuna.
- Uwaprods
- Moztu
- Bad Sound System + Asmathic Lion.
- 21:30ean: Kontzertuak
- VOMITO
- ZETKIN
- ANTI-REGIMEN
Hilak 17, larunbata
- 14:00etan: Herri bazkaria.
- Tiketak: Aia, Altzola, Aranaztarra, Deportivo, Eskina, Hazia eta Larragane ostatuetan.
- 16:00etan: Irrati saioa Antxeta Irratiko Zipriztina Mafiarekin eta Borderlinerekin kolaborazioan.
- 18:00etan: Kontzertuak
- LILIBAT SOUND
- SISTA KATA
- GORI GORI TALDEA
- LAS FELLINI
- SANTERIA ETA VOODOO
Hilak 18, igandea
- 12:30ean: Patata Tortilla lehiaketa.
- 16:00etan: Artisau eta bigarren eskuko azoka.
- 16:00etan: Haur jolasak: Txapa eta marrazki txapelketak.
- 18:00etan: Sardinada eta brotxetak.
- 20:30ean: El Gran Espectaculo Mental Del Profesor Vicente.
- 22:00etan: Lola Von Pololaren dj emanaldia.