[Erreportajea] Frontoiari atxikitzeko eskola
2023an sortu zuten Irungo Atxiki pilota eskola, emakume eta neskentzako plaza, haurrena, zaletasunarena, eta euskararena. Urte luzez frontoi jokoen zaleentzako eskolaren hutsunea izan du hiriak.
Pilotalekua hutsunearen metafora gisa erabili izan ohi da, baina metaforatik urrun, Irunen gabezia nabarmena da frontoi jokoen zaleentzako espazio falta zegoela. Iaz egoera horrekin bukatzeko urratsa egin zuten Idoia Carrera Etxebeste, Ion Izagirre Puy, Ainhoa Moron Lasa eta Gorka Retegi Errandonea pilotazaleek: Atxiki pilota eskola sortu zuten frontoi jokoen zaleei espazio bat bermatzeko. Izan ere, orain arte Irunen egon diren eta dauden pilota eskola edota elkarguneak lehiara bideratutakoak izan dira, eta gainera, talde horietan ez dituzte adin txikikorik.
Nagusiki lau ildotan ari dira lanean: zaletasunerako espazio bat bermatzea, euskaraz kirola egin ahal izatea, Irunen adin txikikoentzako frontoi jokoen eskola sortzea, eta nesken eta emakumeen parte hartzerako frontoi aske bat bermatzea. Dagoeneko urtebeteko bidea egin du eskolak, eta hitza bultzatzaileekin elkartu da, lehen urteaz mintzatzeko.
Atxikiren lehen erronka hastapena bera izan zen. 2023ko otsailean jarri zuten martxan, eskola ikasturte edota ikastaro ikasturteen erdian. Dena den, eskolaren sorrera “ahoz aho” zabaldu zela, “oso azkar”, oroitu dute Carrerak eta Moronek bai gurasoen eta bai emakumeen artean, “funtzionatu zuen”. Irunen pilota eskolaren hutsunea nabaria zela uste du Carrerak.
Irunen pilota eskola baten beharra zegoen, nabaria zen hutsunea
Nahiz eta kurtso erdian hastearekin “beldurra” izan zuten, egun esan dezakete apustua egoki atera zitzaiela, irundarrak gogoz zeudela pilotan hasteko. 2023-2024 ikasturtea joan den irailean hasi zuten, eta egoera otsailekoaren “nahiko antzekoa” izan zela azaldu du Moronek: “Nahiz eta kurtso hasierarekin hasi dugun, irailean nabaritu genuen jendeak eta haurrek badituztela beste kirol batzuk buruan, eta ez dela hain erraza jendearengana iristea”. Pasa den urteko otsailean eta irailean «pixkanaka eta gerora» hazten joan direla zehaztu du. “Iazko ikasturtea oso pozik bukatu genuen, eskertuta, eta aurten ere sentsazio hori daukagu”. Gainera, iazko ikasle kopurua mantentzea lortu dute, ez dira gutxira joan.
Emaion
Eskolak hiru talde sortzea lortu du: emakumeena, kimuena eta benjaminenak. Emakumeenak Emaion! du izena, eta astelehen eta ostegunetan biltzen dira 22 jokalariak, hurrenez hurren, Uranzu pilotalekuko frontoi handian eta txikian. Izagirrek ez du zalantzarik izan talde «arrakatsuena» dela esaterakoan. “Taldea sortu zen eta ez genuen espero hainbesterainoko arrakasta izango zuenik. Pozgarria da”, gaineratu du. Horrez gain, udan Kera eta Parean elkarteek batera ondu zuten Emakumeok zast! proiektuarekin bat egin zuten eta plan horri esker, pare bat emakume jokatzera joaten dira. Ostegunetako taldearekin soilik ekin zioten, baina “frontoia txiki” geratu zitzaien, eta pilota zaleak bi taldetan banatzea erabaki zuten. Hala, ostegunetakoak frontoi txikian dabiltzanez, handira pasatzeko eskakizuna egin dute. Badakite “zaila” dela, espazioaren ordutegiak banatuta daudelako, eta urte askotan pilota eskolarik existitu ez denez, beste kirolei bermatu zaie espazioa, esaterako, eskubaloiari. Ordutegiek baldintzatzen dituzten hutsuneetatik haratago joan nahi du eskolak, baina. Izan ere, kirol espazioen kudeaketaren arazoa Irungo kirol elkarte askok pairatzen dute, hala nola, waterpolo edota gimnasia erritmikoko kirolariek, HITZA-ri adierazi izan dioten bezala. Irunen bi kiroldegi eta frontoi estali bakarra daude, eta kirol edota espazio berbera partekatzen duten klub eta taldeek baliabideak elkarbanatzeko ordutegi arazoak izaten dituzte. “Orduak banatuta daude, eta tokiren bat libratzen bada ematen zaio ondokoari aukera. Bestela ez”, deitoratu du Moronek.
Ostegunekoak frontoi txikian dabiltzanez, handira pasatzeko eskatu dute
Bide horretan, Eguberrietan egin zuten I. Emaion! Topaketa izan dute hizpide. Uranzuko pilotaleku handian egin zuten, Eguberria izanik opor egunak zituelako bertan ordu horretan entrenatzen duen kirol taldeak. Topaketa sortzearen arrazoia, hainbat ostegunez ezin izan zutelako entrenatu izan zen, “abenduko zubia, San Tomas eguna…”. Orduan, entrenamendu berezi bat egitea erabaki zuten baina jendeari zabaldutakoa. “Asmoa zen ez izatea bakarrik ostegunetan entrenatzera etortzen direnentzat, baizik eta edonorentzat” dio Moronek. Bete egin zen haien ideia eta eskola kanpoko jendea animatu zen eta “dezente”, gainera. Horietako batzuk adierazi zieten ostegunetan entrenatzea ez zitzaiela ongi etortzen, baina horrelako topaketetan parte hartuko zutela. “Orduan, beste zerrendatxo bat egin dugu emakumeekin” azaldu du Carrerak. Geratzeko etorri da topaketa, eta Eguberrietan ez ezik, ikasturte bukaeran beste bat egitea gustatuko litzaiekeela dio Moronek.
Kimu eta benjaminak
Aldiz, neska frontoi zaleen eskolako panorama ez da berdina. Iazko ikasturtean bizpahiru neska gerturatu ziren Atxikira, baina ez ziren animatu segitzera eta gaur egun eskolan ez dago neskarik. Erronkatzat hartu dute neskak eskolara hurbiltzea. «Etorri izan dira neskak bakarka entrenatzera, baina ez dute jarraitu. Kanpoan sentitu dira nolabait. Neska bakarra izanik ez zuten eskolan gelditu nahi izan. Gogoa badute aritzeko, baina taldetxoa falta zaie», uste du Carrerak. Neska eta mutilek benjaminen nahiz kimuen taldeetan parte har dezakete, eta bien entrenatzaile Iker Amiano pilotari irundarra da. Astelehenetan, bereizita izaten dira bi kategoria horietakoak; txikienak 17:00etatik 18:00etara biltzen dira, eta 10 eta 12 urtetakoak 18:00etatik 19:00etara. Ostegunetan, berriz, batera aritzen dira entrenatzen 17:30etik 18:30era. Pala, erraketa edota eskuz jokatzen aritzeko aukera dute, eta ikasturte osoan zehar eman daiteke izena. Euskaraz kirola praktikatzeko bermea dagoela ziurtatu dute hiru kideek, eta hizkuntzarekin arazoa izanez gero, eskolan, oro har, itzulpen lanetan aritzen direla zehaztu dute. Emakumeen taldean, adibidez, xuxurlari rola sortu dute, eta euskarazko azalpenen itzulpena egiten aritzen dira boluntarioki.
Erronkatzat hartu dute neskak pilota eskolara hurbiltzea
Atxikitzen, errotzen
Uranzuren mugak gaindituz, pasa den urtarrilaren 14an lehen aldiz eskola arteko topaketa batean parte hartu zuten haurrek. Hendaiako Punpa topaketara izan ziren gonbidatuak, eta haurrek asko gozatu zutela ziur dira Izagirre eta Carrera. Haiek epaile gisa joan ziren. Jokalari gazteentzat lehen aldia izan zen ezagutzen ez zituzten beste pilotariekin elkartzen zirena, Urruña, Azkaine eta Hendaiakoak, hain zuzen ere, eta «urduri» zeudela gogoan dute. «Etxeko frontoitik irten ziren eta horrek zirrara sortzen du», bi kideen esanetan. Gainera, gurasoak ere bertaratu ziren haiek ikustera eta «motibagarria» izan zela ziur dira. Esperientzia biribila izan zela dute gogoan, eta horren seinale izan zen haur batzuk Atxikiren kamisetarekin lo egin izana. Etorkizunean etxean haurrekin ere topaketa bat egitea dute amets, baina horren antolaketa lanetan asko dutela oraindik ikasteko uste du Izagirrek.
Entrenamenduekin segitzeko, topaketak egiteko, edota beste mila ideia egikaritzeko, baina, herritarren babesa behar du Atxikik. Horretarako bazkidetza sistemarekin dabiltza. Kuotaren prezioa 30 eurokoa da urteko, eta atxiki.eus-en egin daiteke. Elkartearekin jolasten hasi nahi duenak, berriz, mezu bat bidal dezake atxiki@ni.eus helbide elektronikora.