Laborda: "Alardea bizitzeko bi modu daude, bat gehiengoaren babesa duena eta bestea gutxiengoaren babesa duena, eta biak dira guztiz legalak"
Irungo udal gobernuak bigarren urtez egin dio harrera alarde publikoari, eta alkateak nabarmendu bi alardeak direla "legalak" eta alardea "bizitzeko bi modu" daudela argudiatu du. EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek alarde publikoa antolatzeko urratsak egiteko garaia dela adierazi dute.
Alarde publikoak inolako arazorik gabe, eta txalo zaparradaren babesarekin egin du goizeko desfilea. Orotara, 2.240 kide izan ditu alarde parekideak.
Iaz emandako aurrera pausua berretsi du gaur udaletxeko balkoian Cristina Laborda alkateak, eta udalbatza osatzen duten udal ordezkari guztiekin harrera egin dio alarde parekideari, baita alarde baztertzaileari ere. Biei harrera egiten izan da ere Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia. Aldiz, soilik alarde parekideari harrera egiten egon dira EH Bildu, Elkarrekin-Podemos eta Sumar alderdietako ordezkariak. Manuel Lezertua Arartekoa ere bertan izan da eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta ere.
Jai parekideak bermatzea
Gipuzkoako Diputazioak, halaber, kanpaina bat abiatu berri du herrietan jai parekideen antolaketa sustatzeko aburuz, baina, herrialde osorako pentsatua dagoela argudiatuta, ez ditu propio aipatu nahi izan Irun eta Hondarribia herrien izenak, ez eta alardea hitza ere. Kritiken harira, Berdintasun zuzendari Nerea Isasik argudiatu du aurkezpenean “inplizituki” egin diela berdinzaleak izateko gomendioa bi udal horiei. “Alardeak badu bere garrantzia, baina desberdintasun maila guztiei erantzun behar diegu” zehaztu du Isasik.
Gainera, jai parekideak bultzatzeko xedearekin, Gure jaiak, berdintasunean kanpainan bost gomendio daude jasoko jaiak parekideak izateko. Alarde baztertzaileak ez du horietako bakar bat ere betetzen. Lehen gomendioa da erakundeek jaietan ere berdintasunaren aldeko jarduerak eta gogoetak sustatu behar dituztela. Emakumeen partaidetza sustatuko duen antolakuntza bultzatzea da bigarren gomendioa, baina, hori egikaritze aldera, udalak aintzat hartu behar luke alarde parekidearen aldekoek desfilea antolatzeko egindako eskea, eta «ezezkoa» eman du oraintxe. Hirugarren aholkua da aukera berdintasuna bermatzea ekitaldi guztietan: alardea antolatu gabe, ordea, ezin da hori «bermatu».
Laugarren gomendioa da indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzea, eta alardeak gizarte matxista baten estrukturari eusten dio: emakumeek ezin erabakitzea nola parte hartu bere herrietako jaietan. Bosgarren aholkuak eskatzen du irudi eta mezu berdinzaleak erabiltzeko jaien antolaketan eta alarde baztertzaileak ez du halako sinbologiarik egiten.
Alarde parekidearen eskaria
Bestalde, alarde parekideak Irungo Udalari eskatu dio alarde publikoa antola dezan, gainontzeko urteetan galdegin gisan. Izan ere, udalak urteetan antolatu du alardea eta “hiritar guztientzako” izango dela antolatzeko garaia dela uste du alarde parekideak, eta udalak lehen aldiz erantzun dio eskariari: alardea antolatzeko ezezkoa jaso dute. Horrez gain, Cristina Laborda alkateak adierazi du bi alardeak “elkarbizitzan, errespetuarekin eta ilusioz” bizi behar dituztela herritarrek. “Alardea bizitzeko bi modu daude, bat gehiengoaren babesa duena eta bestea gutxiengoaren babesa duena, eta biak dira guztiz legalak” erantsi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza eskaini dio Irungo Udalari “bitartekaritza” lanak egiteko, baina Bidasoko hiriko udal gobernuak uko egin dio laguntzari.
Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak, eta aurreko Irungo Udaleko agintaldiko Berdintasun zinegotziak gogoratu du Irunek ez daukala V. Berdintasun Planik. Izan ere, Emakundek udalari gomendatu zion jaso zezala “alarde parekidearekiko ekintzaren bat”, eta ordutik bi urte igaro dira eta udal gobernuak ez du udalbatzara eraman inolako planik.
Cristina Laborda. Irungo alkatea (PSE-EE): “Hiria eta festa da gaurko protagonista nagusia eta herritarrek elkarbizitzan, errespetuarekin eta ilusioz bizi behar dituzte bi alardeak. Alardea bizitzeko bi modu daude, bat gehiengoaren babesa duena eta bestea gutxiengoaren babesa duena eta biak dira guztiz legalak”.
Xabier Iridoi. Irungo Udaleko EAJren bozeramailea: HITZAk adierazpenak egiteko tartea eskaini dio baina ez du egin nahi izan.
Maddalen Iriarte. EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea “Gaur bi alarde ikusi ditugu Irungo kaleetan eta egoera hori betikotzea eta egoera hori naturalizatzea akats bat dela uste dugu. Alarde parekideko kideek aurten ere esan digute udalak ez duela urrats bakar bat ere eman egoera hau gainditu ahal izateko, eta diputazioak hitzak esplizitatu egin behar ditu, jakiteko zein ekintza aurrera aterako dituen egoera hau iraultzeko. Bitartekaritza lan bat egin dezake, adibidez, Hondarribian bezala baina urratsak eman behar dira aurrera egiteko. Eskubideak ezin daitezkeelako eztabaidan jarri”.
Pilar Garrido. Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusia: “Udalari berriro exijitzen diogu antola dezala alarde publiko eta parekidea. Gainera, ohorea da guretzat gure zinegotzi Thania Pazosek herriko bandera ematea”.
Thania Pazos. Irungo Udaleko Elkarrekin-Irungo bozeramailea: “Tradizioa, festa eta berdintasuna bateratzea lortzen duen alardeari bandera ematea ohorea da niretzat. Urratsak egin dira baina gehiago eman behar dira. Behin betiko urratsa Irungo Udalak denentzako alardea antolatzea litzateke eta gure taldetik ahal dugun guztia egingo dugu hala izan dadin”.
Miren Etxebeste. Gipuzkoako Foru Aldundiko Elkarrekin-Podemosen bozeramailea: “Beste behin ere alarde parekideari babesa ematera etorri gara. Dagoeneko udalbatza osoak aitortu zuen alarde parekidea dagoela Irunen eta aitortza egin zioten balkoian egonik. Hurrengo pausoa udalak berriz ere alarde parekidea antolatzea litzateke. Alarde bat denontzat eta denena izango dena, herriarena eta herriarentzat. Bestalde, Irungo Udalak bi urte daramatza Berdintasun Planik gabe, hain zuzen ere, Emakundek eskatzen zuelako alarde parekidearekiko ekintzaren bat jaso behar zuela planak. Bi urteren ondoren bada momentua udalak berriz ere Berdintasun Plana udalbatzara eramatekoa eta bertan aho batez onartzekoa”.