Galizian hasiko da saltsa
Coruña eta Bueu izango dira Euskotren eta Eusko Label ligetako lehenengo agertokiak. Emakumeen eta gizonen traineruak han izango dira.
Lerrook idazterakoan, Galiziara bidean dira Hondarribiko emakumeen eta gizonen traineru nagusietako arraunlariak. Traineruak jada han daude. Han hasiko dituzte bihar Euskotren eta Eusko Label Ligak hurrenez hurren. Galizian hasiko da dena, ligei dagokienean behintzat bai. Saltsan da Hondarribia.
Gizonen traineruaren lehen apustua ohorezko txandan sartzea izango da. Eusko Label bere egiteko faborito argi bat dago, Urdaibai. Hala, haiengandik gertu (eta zergatik ez, aurretik) izateko ahalegina egingo dute Mikel Orbañanosek entrenatutakoek. Behintzat, igandeko txanda onean sartzeko denbora egitea dute asmo biharko Coruñako (18:20) estropadan, eta igandetik aurrera lau lehenen artean sailkatzeko dedikazioarekin jarraituko dute. Etzikoa Bueun da, 12:20etik aurrera. Etziko estropadan ordu hori baino askoz geroago hasten bada Hondarribia, seinale ona: ohorezko txandan dagoela esan nahiko du. Biharko lehen estropadan hasierako txanda tokatu zaie hondarribiarrei, San Pedro, Kaiku eta Isuntzarekin batera ariko dira.
Eusko Label Ligan erregulartasun harrigarria izan dute berdeek azken urteetan. 2015ekoan irabazle izan zen Ama Guadalupekoa, 2016tik 2022ra arte jarraian bigarren sailkatu zen, eta iaz hirugarren izan zen Urdaibairen eta Zierbenaren atzetik.
Emakumeak
Emakumeen traineruan aldaketa nabarmenak izan dira iaztik gaur arte. Gaztetu egin da trainerua, horrek ekar ditzakeen alde on eta ez hain onekin. Onak, harrobiak funtzionatzen duela eta hobetzeko eta ikasteko margena handia dela. Alde ez hain ona, eskarmentu falta. Euskotren Ligan lau ‘handi’ daude, Arraun Lagunak, Orio, Donostiarra eta Tolosaldea. Haiengandik hurbil izateko saiakera estropada guztietan egingo dute Iker Cortesek zuzentzen dituen arraunlariek, baina badakite konplikatua izan daitekeela zeregin hori. Alta, badirudi liga osatuko duten Hibaika, Tiran eta Cabo berdeak baino koskatxoren bat azpirago egon daitezkeela, eta horrek suposa dezake maila galtzeko postuetatik urrun izatea, sasoia lasai bizitzea, alegia. Biharko (larunbata) eta etziko estropadetan hitz hauen zilegitasuna edo huskeria zer-nolakoa den ikusiko da.
Biharko estropada 17:25ean hasiko dute Euskotrenekoek. Hondarribia geroxeago hasiko da lehian, bigarren txandako kide izango delako Hibaikarekin, Tolosaldearekin eta Donostiarrarekin batera. Txanda polita lehiatzeko. Etzikoa, berriz, 11:25ean hasiko da; ikusi beharko Hondarribia ordu horretan (larunbatean denbora eskasenak lortu dituztenena) eta geroago hasten duten.
Hondarribiko emakumeen trainerua Euskotreneko bosgarrena izan zen iaz, lau ‘handien’ atzetik. Arraun Lagunak da faborito nagusia.
KAE1
Gizonen B ontziak jada hasi du KAE1eko bidea. Lehen estropadan, joan den igandean Donibanen egin zena, deskalifikatua izan zen trainerua ustez San Juanen traineruari tokirik ez uzteagatik. Bi estropada izango dituzte Bkoek asteburuan: bihar 17:30etik aurrera Donibane Lohizunen, eta etzi (igandea) 12:00etatik aurrera Zumaian.