Eraso matxisten aurkako protokoloa onartu du udalak aho batez
Protokolo horren bidez, erantzun publiko instituzionala emango die udalak eraso matxistei, "behar bezalako arreta eta erantzun publikoa" emanez.
Aho batez onartu dute Hondarribiko udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek eraso matxisten aurkako protokoloa. Ez zuen udalak halakorik orain arte, eta Igor Enparan alkateak eman zituen atzo egindako plenoan xehetasun guztiak protokoloaren inguruan: “apirilean lanean hasi zen udaleko berdintasun teknikaria eskatu genion protokoloa lantzen hastea. gaur ekarri dugu plenora, udan bilkurarik ez egitea aurreikusten baita”.
Indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren bidez, indarkeria matxistari “erantzun publiko instituzionala emango diola udalak azaldu zuen Enparanek, “behar bezalako arreta eta erantzun publikoa eman nahi diogu, inpunitatea gelditu, eta emakumearen berbiktimizazioa saihestu”. Argi dela eta ondo osatua dagoela protokoloa gaineratu zuen atzoko plenoan alkateak, “eta tamalez nahi ez ditugun egoera hauek iristen direnean udaletik zer egin eta nola jokatu behar dugun oso argiz zehazten da, bai erasoa jasan duen emakumearekiko, baita komunikatiboki gizarte osoari zabaltzeko bideak ere”.
Turisten bisita gidatuak 25 lagunera murriztu
Ez zen protokoloaren atzo egindako plenoak aztertu zuen gai bakarra. Turisten bisita gidatuak ere izan zituzten hizpide alderdiek, eta azkenean bisita horiek gehienez ere 25 kidekoak izatea onartu zuten. Abotsanitz eta EH Bilduren erdibideko mozioak egin zuen aurrera. Herriak bizi duen masifikazio egoerari aurre egin behar zaiola sinistuta daude bi alderdiak, eta horretarako, espazio publikoaren ordenantza sortu beharra dagoela, “bertan, talde turistikoei 25 pertsonako muga ezarri behar zaie”.
EAJk abstentzioaren alde egin zuen, gobernu taldeari “mezu katastrofikoak zabaltzea” egotzita: “Turismoa Plan Zuzentzaile baten bidez kudeatu behar da, eta ez mozio bidez”. Bide beretik jo zuen PSE-EEk, abstentzioaren alde, alegia. Sozialisten iritzirako ez da “serioa” mozioa eramatea plenora “debatea egiteko”.
Aurrera egin zuen ere Hondarribia Lantzen sozietate anonimoko batzar nagusiari sozietatea desegin eta likidazio prozesuari hasiera emateko proposamena luzatzea eskatzen zuen puntuak. Horretarako arrazoiak Lupe Queiruga Kirol zinegotziak —Abotsanitz—eta Garoa Lekuonak —EH Bildu—, azaldu zituzten: “Ikusita sozietateak ez duela langile propiorik, soilik kiroldegiaren kontrola eramateko dagoela, eta arazo finantzarioak dituela, hori proposatzen dugu. Kiroldegiaren eta Jostaldi Pilotalekuaren kudeaketa udalak eramatea proposatzen dugu, halaber. Apustu politiko argia da, udaletik kudeatu nahi dugu”.
Proposamenaren aurka egin zuen EAJk. Ez zitzaien jeltzaleei gaizki iruditu kudeaketa udaletik egitea, baina Hondarribia Lantzeni beste erabilerak ikusi zizkioten, “jarduera edo iniziatiba ezberdinak garatzeko Alde Zaharrean edo Mendelun, adibidez. Kiroldegiaren kudeaketa nolakoa izango den ere ez dakigu, ez dugu informaziorik, eta beraz ezin dugu ados egon”. Puntu horretan ere, bide bera hartu zuten sozialistek, eta kontra bozkatu, “Hondarribia Lantzen desagertzeak arazoak ekarriko dizkigu, beste funtzio askotarako baliagarria izan daitekeelako”.
Proposamena aurrera ateratzeko kalitatezko botoa baliatu behar izan zuen alkateak, EH Bilduko zinegotzietako batek ezin izan zuelako bertaratu atzoko plenora: “Kalitatezko botoa erabilita ez dut udalbatzaren gehiengoaren zentzua aldatzen”. Alkateak, gainera, “leialtasun instituzionalaren izenean” oposizioaren “keinu” baten falta sumatu zuela erantsi zuen, “egoera zein den jakinda”.
Kirol kaiko erabiltzaileen elkartearen mozioa
Hondarribiko Kirol Kaiko erabiltzaileen elkarteak ere hartu zuen hitza atzoko osoko bilkuran, eta lehen eskutik eman zuten bizi duten egoeraren eta dituzten arazoen berri. Azaldu zutenez, tokirik gabe gelditzeko arriskua dute urte askoan han daudenak, eta antzinatasuna aintzat hartzeko eskatu zuten: “Gure plazak errespetatzea nahi dugu. Horrek ez du esan nahi, kanpokoei ezetz esan behar zaienik, baina bertako erabiltzaileei lehentasuna eman behar zaie”. Abotsanitz,PSE-EE eta EH Bilduk aldeko botoa eman zuten eta EAJk berriz, aurka egin zuen. Jeltzaleen arabera, Eusko Jaurlaritza ari da mozio horretan azaltzen diren eginkizunak lantzen, “hark du konpetentzia eta gu laguntzeko prest gaude”. Mozioa, beraz, aurrera.
Bake epailea eta haren ordezkoa izendatzea onartu den berri eman zuten gainera atzoko saioan: Irati Elberdin Robles izango da bake epailea, eta Urtzi Etxabe Arozena ordezkoa.