Santiago kalea berrurbanizatzeko lanak astelehenean hasiko dituzte
Irailera arte iraungo dute lanek lehen fasean, eta kalearen 7 eta 21 zenbakien artean egingo dituzte.
Santiago kalea berrurbanizatzeko lanen lehen fasea astelehenean abiatuko dute. Hala jakinarazi dute Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea Hiri eta Lurralde antolakuntzarako zinegotziak gaur egindako agerraldian. Lan horiek kalearen 7 eta 21 zenbakien artean egingo dituzte irailera arte, eta bitarte horretan, San Pedro kaleko trafikoa bi zentzutakoa izango da.
Proiektuaren helburuak ere izan ditu hizpide Enparanek, eta hala, bizilagun eta erabiltzaileei begira irisgarritasuna bermatzea bilatzen dutela azaldu du. Horretarako, oinezkoentzat espaloiak zabalduko dituzte, “oraingoak oso justuak dira eta ezin da bermatu erabateko irisgarritasuna”. Lurpeko azpiegiturak ere egokituko dituzte lanen bidez, “saneamendua eta urak hobetzeko”. Halaber, berritu egingo dituzte inguru horretan diren hiri altzariak.
Sei hilabeteko iraupena aurreikusi diete lanei, eta denera, 1.183.846,74 euroko inbertsioa egingo du udalak. “Sabin Aranako obrarekin egin bezala, Santiago kalekoarekin ere, udako hilabeteak berrurbanizatzeko lanak egiteko baliagarriak direla uste dugu gobernu taldetik”, erantsi du Enparanek.
Urtizbereak xehetasun gehiago eman ditu lanen inguruan, eta lehenik eta behin, kalearen berrurbanizatze proiektua aspalditik datorrela jarri du nabarmen, “kalearen izaeragatik dauden barrera eta gabeziak zuzentzeko balioko du esku hartzeak, bizilagunen eta bertan lan egiten dutenen egunerokoa errazagoa eginez, pertsonentzako erosoagoa eginez”.
Lanek eragingo dituzten eragozpenak ere hizpide, Hiri eta Lurralde antolakuntzarako zinegotziak: “Uztailaren 1ean hasiko dira lanak, eta ordurako Udaltzaingoak kalean dauden autoak kentzeko lanak egingo ditu. Lanek irauten duten bitartean, egoiliarrek eta garajea duten bizilagunek izango dute bakarrik sartzeko aukera”.
Irailera arte iraungo du lanen lehen fase horrek, kalearen 7 eta 21 arteko eremua itxiko da, eta ezingo da bertan autorik aparkatu. Zenbaki horien arteko garajeetarako sarbidea, berriz, Santiago kaletik egingo dute beti bezala, baina komertzioetarako ibilgailuek bere lana San Pedro kalean egin beharko dutela zehaztu du Urtizbereak, San Kristobalgo biribilgunetik sartuta. Santiago kaleko 23 zenbakitik Madalen karrika bitarteko zatikoek, berriz, nahitaez San Pedro kaletik sartu beharko dute, “horrek esan nahi du San Pedro kaleko 5-13 arteko zatia bi zentzukoa izango dela obrak iraun artean”, azaldu du Urtizbereak.