Ontziak aldatu eta hondakinen bilketako bi kamioi berri erosi dituzte
Aldaketak hondakinen bilketa hobetzeko helburuarekin egin ditu Txingudiko Zerbitzuak. Sakabanatutako etxeentzat irlatxoak jarri dituzte.
Irisgarritasun zaileko eremuetan hondakinak biltzeko zerbitzua optimizatzeko asmoz, Txingudiko Zerbitzuek hondakinak jasotzeko bi kamioi berri erosteaz gain, Irungo eta Hondarribiko Alde Zaharreko zein landa eremuetako edukiontziak aldatu dituzte.
Kamioi berriak aurrekoak baino txikiagoak dira, eta landa eremuko eta Hondarribiko Alde Zaharreko hondakinak jasotzeko beraziaz diseinatuta daude. Gainera, kamioietan integratutako teknologiari esker bilketa bideak optimizatuko dituzte, edukiontzi kopurura eta gune bakoitzean behar den bilketa maiztasunera “hobeto” egokituz.
Hondarribiko Alde Zaharrean, bestalde, 1.700 litroko edukiontziak 1.200 litrokoekin ordezkatu dituzte, eta bosgarren bilketa puntu bat gehitu dute.
Horretaz gain, Irungo eta Hondarribiko landa eremuetan edukiontziak aldatu dituzte, eta horrek bilketa zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko beharrari erantzuten diola diote.
Gainera, alboko kargako edukiontzien bidez hondakinak biltzea bideragarria ez den eremuetan, errepideetako bidegurutzeetan irlatxoak jarri dituzte, sakabanatuta dauden etxebizitzei zerbitzua emateko. Irlatxo horiei esker hondakina lau ontzitan bereizi ahal izango da: Papera, ontzi arinak, beira eta errefusa. Ontzi guztiak instalatu ezin diren kasuetan edukiontzi bakarra jarri dute.