Ospakizuna eta komunitatea batzen dituen bilduma
Hilaren 8an 'PTP Jaia' antolatu zuen Psilocybe elkarteak. 2023-2024 denboraldia bukatzeko jaialdia izan zen, eta bertan aurkeztu zuten 'P30' musika bilduma.

Psilocybe elkarteak PTP Jaia-rekin itxi zuen 2023-2024 denboraldia. Iragan larunbatean egin zuten festa, eta bertan, P30 bilduma aurkeztu zuten. Gau berezia izan zela azaldu du Psilocybe elkarteko Mikel Larratxek. Ohiko kontzertu gaualdietatik aldenduz, Bertsio Gauari segida eman zion jaialdiak: Psilocyben azken urteetan harrera bikaina izaten ari den jarduera da hori. Hala, taldeek ekipoa eta oholtza elkarbanatzen dituzte emanaldi motzetan, eta talde bakoitzak hiruzpalau abesti jotzen ditu: «Oso dinamikoa da, publiko asko etortzen da, eta ezohiko festa giroa sortzen da». Larunbatean, ordea, taldeek beren kanta propioak jo zituzten. Aldi berean, gisa horretako jaialdiek elkartean «piña» egiteko eta elkar ezagutzeko aukera ematen dutela ziurtatu du Larratxek: «Denak gaude hor entseatzen eta askotan ez dakigu ondoko taldeak zer jotzen duen, edo zein eratako kantak egiten dituen. Giro polita izaten da beti».
P30 bildumari dagokionez, hasiera batean, urteurrena ospatzeko antolatu zuten jaialdian —2023ko abuztuaren 25 eta 26an– aurkezteko asmoa zuten, baina azkenean, produkzioa luze joan zitzaien. Orain, editatu berri, diskoa aurkezteko baliatu zuten PTP Jaia. Elkartearen 30. urteurrena ospatzeko sortu bazen ere, bildumak komunitatea sendotzeko eta lan propioak erakusteko esparru bat bermatu die. Izan ere, elkartean militantziaren bidez antolatzen dira: lokalen kudeaketa, aretoko programazioa, komunen garbiketa, barra… Guztia konpromisoaren parte da, eta disko hori elkarteko kideak batzeko aitzakia izan da.
Asko dira elkartea osatzen duten musikariak. Zenbait talde kontsolidatuak daude, baina badaude musikari solte asko ere, kasuan kasu, beste elkartekide batzuekin elkartzen direnak entseatzeko. Horiei ere argitalpen honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu zieten. Bildumak aniztasun hori islatzen du: «Oso-oso heterogeneoa da. Estilo, jende klase eta belaunaldietan atomizatzen doa elkartea, eta hasierako urteetan estilo konkretuagoetan antolatuta zegoena, urteen poderioz geroz eta anitzagoa bihurtu da». Diskoan rock-a, rock gogorra edo 1990ko hamarkadako musikari segida ematen dioten soinuez gain, elektronikarekin eta soinu garaikideagoekin sortutakoak ere aurki daitezke, trapa edo technoa, esate baterako.
Hemeretzi talderen abestiek osatu dute P30 bilduma: The Iiingles, Krin, Kosmai Kosin, Julz, Muntzer, The Arritmicks, Lefthook, Velozet, Horzdun, Imago4, Txavvo, Gornutz, Scooby, Angelight Family, Midnight Sinners, Linternakin, MKL, Naica eta Tzar. Kanta gehienak etxeko teknikariekin grabatu zituzten.
Psilocybe elkarteak 30 urte
Atzera begira, hainbeste denbora pasa dela ikustea «zirraragarria» dela iritzi du Larratxek. Urte hauetan guztietan garai oparoagoak edo ahulagoak izan dituzte, baina azken hiruzpalau urteak «oso emankorrak» izaten ari dira. «Giro handia dago lokaletan eta programazioari dagokionez denboraldi hau oso potentea izan da. Hogei gaualdi egin ditugu, talde asko pasa dira, eta oso momentu politean gaude».
Denboraldia bukatu berri, bi data berezi nabarmendu ditu. Lehena, hilaren 15ean izango da. Psilocybe elkarteak bat egingo du Dan-tz point jaialdiarekin, eta etxeko hiru DJ, Kid ES3, Gorks & Ñafo eta Nol, musika pintxatzen arituko dira han. Bigarren hitzordua abuztuaren 20an izango da. Lehen aldia izango da udan kontzertu bat programatzen dutena, baina aukera sortu eta hura baliatu egin dute. Egun horretan Kill Devil Hills talde australiarra izango da areto arrosan.