Zaurituak suertatu diren bost pertsonak sendatzeko "gogo eta nahia" adierazi du udalak
Wheels & Waves ekitaldian gertatutako istripuaren harira halako ekitaldietan segurtasuna bermatzeko konpromisoa berretsi du herriko etxeak. Neurriak hartzeko Ertzaintzak abiatu duen ikerketaren zain dira.
Wheels & Waves ekitaldiaren Peak puntak motor proban gertatutako istripuaren harira adierazpenak egin ditu Hondarribiko Udalak. Lehenik eta behin, zaurituak suertatu ziren bost pertsonak sendatzeko “gogo eta nahia” adierazi nahi izan dute hedabideei helarazitako ohar baten bidez.
Ondoren, Wheels & Waves duela urte batzuetatik egiten den ekitaldia dela gogorarazi dute. Motor kirolen zaleak elkartzen ditu eta “zoritxarrez”, edozein kirol-jarduerak bezala, “batez ere motor-probek”, zenbait arrisku dakartzatela adierazi dute. Horiek ekiditeko antolatzaileen zein administrazio publikoen aldetik segurtasun neurri zorrotzak ezartzen dituzte, baina horiek ez dira nahikoa “zero arriskua” bermatzeko.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, gertatutakoa argitu nahian, ikerketa bat martxan dago une honetan eta datozen egunetan gertatutakoari buruzko informazio zehatza ematea espero du udalak. Ikerketak dioenaren arabera babes neurriak areagotu ala ez aztertuko dute.
Amaitzeko, gisa honetako ekitaldietan parte hartzen duten pertsonen zein ikuslegoaren segurtasuna bermatzeko konpromisoa berretsi du udalak, eta etorkizunean ezustekoak prebenitzeko beharrezkoak diren “neurri guztiak” hartuko dituztela baietsi dute.