Tokiko sukaldaritza nabarmentzeko lehiaketak baditu irabazleak
Gran Sol izan da Erdi Aroko Pintxo Onenaren saria eskuratu duena. Herri Epaimahaiaren saria, berriz, Mika jatetxearentzat izan da.
Maiatzaren 24tik ekainaren 2ra Erdi Aroko Pintxoaren Astearen baitan antolatu zen Erdi Aroko Pintxoen XV. Lehiaketa. Momentu historiko horretako pintxo onena zein establezimenduk sortuko lehiaren ondorioz herriko zazpi establezimenduk beren trebetasunak erakutsi zituzten. Tatapas, Mika, Badia, Andire, Hondar, Gran Sol eta Enbata izan dira edizio honetako parte hartzaileak.
Atzo goizean egin zuten sari banaketen ekitaldia udaletxeko areto nagusian. Lehenik, Herri Epaimahaiaren saria banatu zuten. Mika establezimenduak jaso zuen oroigarria. 107 boto eta 368 zigilu eskuratu zituen ‘Sarmá’ pintxoak, hau da, botoen %37. Sukaldaria Michaela Pop izan da.
Haren ondotik banatu zuten Erdi Aroko Pintxo Onenaren saria. Epaimahaia Naiara Arizmendik –Zabala jatetxea-, Xabi Izagirrek –Arraunlari Berri jatetxea-, eta Leire Etxaidek –Amuntza, Botika Agroaldea– osatu zuten. Ez zuten batere lan samurra izan eta asko eztabaidatu ondoren, Gran Sol tabernaren ‘Sarandonga’ pintxoari eman zioten saria. Iñigo Tizón sukaldariak prestaturiko pintxoa izan da saritua. Sari honek, aldi berean, datorren urrian Siguenzak jasoko duen Erdi Aroko Nazioarteko Pintxo eta Tapen XVI. Lehiaketan Hondarribia ordezkatzeko txartela eman zion Gran Sol tabernari.
Hondarribiko Udalak bultzaturiko egitasmoa da, tokiko sukaldaritza nabarmentzeko aukera ematen duen lehiaketa baita. Urtez urte arrakasta izaten du eta horregatik, beste behin, ekitaldian parte hartu guztiei eskerrak eman zizkieten udalak.