Megalitoen inguruko erakusketa batek bihar zabalduko ditu ateak
Oiasso Museoan jarriko dute 'Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak' izeneko erakusketa, azaroaren 24 arte.
Oaisso Musseoan erakusketa berri bat zabalduko dute bihar: ‘Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak’. Museoko X aretoan kokatuko dute, eta Europako Arkeologia Jardunaldien baitan ekarri dute museora.
Euskal Herriko megalitismoaren adibide “garrantzitsuenak” biltzen ditu erakusketak; zehazki, 120 aztarnategitan baino gehiagotan bildutako pieza arkeologikoek osatzen dute bilduma. Azaroaren 24 arte egongo da ikusgai berau.
Erakusketan, besteak beste, sei estela, aizkora leunduak, apaingarriak, urrezko pieza txikiak edo zeramikazko ontziak ikusteko aukera izango da.
Bisita gidatua ere bai
Erakusketa hobeto ezagutu nahi duenak, gainera, bisita gidatu bat egiteko aukera izango du ostiral honetan, 19:00etan, erakusketaren komisarioaren eskutik.
Doakoa izango da bisita, baina aldez aurretik izena eman beharko da 943 63 93 53 zenbakira deituz edo helbide honetara idatziz.