Hondartza denboraldia hilaren 15ean inauguratuko da
Hondarribiko hondartzan aldagelak zabaldu, zaintza zerbitzua eskaini eta jolas eta kirol jarduerak eskainiko dituzte larunbatetik aurrera irailaren 15era bitarte.
Hilaren 15ean (larunbata da) inauguratuko da ofizialki Hondarribiko hondartza denboraldia. Horrek zera esan nahi du: egun horretatik irailaren 15era arte Hondarribiko hondartzan aldagelak zabaldu, zaintza zerbitzua eskaini eta jolas eta kirol jarduerak izango direla. Horiez gain, sei dutxa laukoitz, sei iturri bikoitz eta bost oin garbigailu herritarren eskura izango dira ere.
Aipatutako zerbitzuak, egunero, 09:00etatik iluntzeko 20:00etara egongo dira erabilgarri, astelehenetik igandera bitarte. Aldagelak, berriz, goizeko 10:00etatik 20:00etara erabili ahal izango dira. Aldi berean, sorospen zerbitzua Gurutze Gorriaren esku egongo da: uztail eta abuztuan 10:30etik 20:00etara eta irailean 11:00etatik 19:00etara.
Aurreko urteetan bezala aparkaleku zerbitzua martxan dago ere. TAO bidezko ordainpekoa da. Hori dela eta, udaletik gogorarazi dutenez, udalerrian erroldatutakoek BAZen egoiliar txartela eskatu dezakete oraindik ere.
Uda garaian udal zerbitzuen bidez hondartza gunea “ahalik eta baldintza onenetan” egoteko “ahalegin handia” egiten dela azaldu du Estitxu Urtizbereak (Hiri Antolamendu eta Lurralde Garapeneko zinegotzia).