Bidasoak Txapeldunen Ligan jokatzeko eskaera egin du
Klub irundarrak hilaren 21ean jakingo du Europako txapelketa gorenean izango den ala ez. Bien bitartean, Bidasoak datorren denboraldiko entrenatzailea aurkeztu zuen atzo: Alex Mozas. Pozik eta ilusioz iritsi da Irunera, bi urteko kontratua sinatuta.
Bidasoa Irunek 2024-2025 denboraldian Txapeldunen Ligan plaza bat eskatzeko izapideak egin ditu. Aurtengo sasoia bigarren postuan bukatu du talde irundarrak, eta Europa Liga jokatzeko sailkatu dira. Hala ere, Europa mailako txapelketa gorenean jokatzeko eskaera egin dute. Orotara, hamabi dira plaza bat eskatu duten taldeak, eta horietatik, zazpi hautatuko ditu Europako Eskubaloi Federazioak (EHF).
EHFk datorren asteazkenean (hilak 19) ebaluatuko ditu hamabi eskaerak, eta hilaren 21ean komunikatuko du EHFko Batzorde Exekutiboak zein diren datorren denboraldiko Txapeldunen Ligan arituko diren taldeak. Bidasoaren eskaera onartzen bada, Europako txapelketa gorenera itzuliko litzateke bost urteren ondoren. Klubak adierazi du Bidasoarentzat eta Irunentzat “harro” egoteko modukoa dela hautagai horien artean egotea “Europako klub handiekin batera”. Hautagaitza horrek azken urteetan egin duten “lan ona” berresten duela nabarmendu du klubak.
Hauexek dira eskaera egin duten hamabi taldeak: Bidasoa Irun, HC Zagreb (Kroazia), Frederica Handbold Klub (Danimarka), HBC Nantes (Frantzia), Banco OTP – PICK Szeged (Hungaria), HC Eurofarm Pelister (Ipar Mazedonia), Elverum Handball (Norvegia), Industria Kielce (Polonia), FC Oporto (Portugal), Dinamo Bukarest (Errumania), Kadetten Schaffhausen (Suitza) eta Tatran Presov (Eslovakia).
Bidasoa Irungo kideak, Gurutz Aginagalde presidentea buru zela, Kolonian (Alemania) jokatutako Txapeldunen Ligako lauko finalean izan ziren iragan asteburuan, eta EHFko Forum Club Handball izeneko 30. batzar orokorrean hartu zuten parte, Europako “puntako” klubekin batera. Halaber, EHFk antolatutako jarduera paraleloetan ere aritu ziren; hala nola, Networking eta European Handball Talks bileretan. Jardunaldi horien balorazioa “oso positiboa” izan dela baietsi du klubak, “Bidasoa eta Irun Europako eskubaloiaren erakusleihoan jartzen baitute”.
Alex Mozas, aurkeztuta
Zortzi urteko ibilbide arrakastatsua osatu ondoren, Jacobo Cuetarak agur esan dio Bidasoa Iruni. Entrenatzaile asturiarrak hilaren 1ean zuzendu zuen bere azken partida. Espainiako Kopako finalaurrekoetan izan zen, Bartzelona indartsuaren aurka, eta bidasoarrek ezin izan zuten kanporaketa aurrera atera, 28-32 galdu baitzuten. Hala ere, aurten sasoi bikaina osatu dute, Asobal Liga bigarren postuan bukatu baitute kataluniarren atzetik, eta Europako txapelketetara itzuliko dira.
Cuetarak dagoeneko badu bere ordezkoa Artalekuko aulkian: Alex Mozas. Prestatzaile madrildarra Asobal Ligako Torrelavega taldetik iritsi da Irunera, bi urteko kontratua sinatuta, eta atzo aurkeztu zuten bere lantaldearekin batera.
Mozasek aitortu zuen ligako “bigarren klub historikoenera” etorri dela, eta pozik eta ilusioz gainezka dago etapa honi hasiera emateko: “Bidasoa Irun hobea egitera gatoz. Nik ezin nuen pentsatu ere egin gaur hemen egotea, eta lanaren eta ahaleginaren bidez iritsi gara honaino, egungo klubik onenera. Eskerrik asko jokalariei harreragatik, ziur nago guztion ilusioarekin gurpil gainean joango garela”.
Julen Aginagalde kirol zuzendariak balioan jarri zituen Mozasen eta bere lantaldearen “esperientzia” eta “lorpenak”. Torrelavegarekin, esaterako, Europako txapelketak jokatzeko sailkatu zen. “Alex Mozas entrenatzaile kontrastatua da eta proiekzio handia du. Denek esperientzia handia dute eta etorkizun handia dugu aurrean haiei esker”.