Lan baldintza hobeak eskuratzeko borrokan dira Decathloneko eta Merkal Calzadoseko langileak
Bizi duten egoera salatzeko prekarietatearen ginkana eta 'Prekarietatearen bingoa' antzezlana egin zituzten iragan larunbatean.
Decathloneko zein Merkal Calzadoseko langileek ekintza bereziak prestatu zituzten iragan larunbaterako. Biek ala biek bi lanuzte egin zituzten eta horietan prekarietatearen ginkana eta Prekarietatearen bingoa antzezlana egin zituzten.
Irungo Decathloneko langileek 2023 urteko amaieran abiatu zuten beren lan balditzak hobetzeko prozesua. Egungo egoera geografiko eta sozialarekin bat datozen soldatak, soldata duina bermatzen duten gutxieneko lanaldiak, kontziliazio erreala bermatzen duten baimenak, ordutegi-malgutasuna mugatzea eta estatu mailako negoziazio marko batetik ateratzea dira langileek eskatzen dituzten gutxienekoak. Nahiz eta saiaketa anitzak egin dituzten enpresa ez da negoziatzeko prest agertu.
Irungo Merkal Calzadoseko langileak, berriz, hirugarren grebaldia beteko dute hilabete honetan. Hitzarmen berria sinatu nahi dute eta urteetan egindako lana aintzat hartzeko eskatzeaz gain, familiaren kontziliaziorako neurriak hartzeko eskatzen dute ere.