Bidasoko Ospitalearen asistentzia ahalmena %20an murriztuko dela salatu du Osasun Bidasoak
Herri plataformaren arabera, bigarren solairuko bosgarren ospitalizazio-unitatea behin betiko itxiko du Osakidetzak.
Osasun Bidasoak jakinarazi du Bidasoko Ospitaleko bigarren solairuko bosgarren ospitalizazio-unitatea behin betiko itxiko duela datozen asteetan Osakidetzak. 21 ohekoa da unitate hori. Bertako langileen bidez izan du plataformak murrizketaren berri. “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdeko ospitalea alde batera uzten jarraitzen du. Ulertezina da ospitalearen asistentzia-ahalmena %20an murriztuko duen unitatearen itxiera”, esan dute herri ekimeneko ordezkariek. Ospitaleko solairurik berriena da bosgarrena: “Asistentzia espazio falta historikoa duen ospitale batean, ez du inolako zentzurik solairurik berriena eta egungo premietara hobekien egokitua dagoena ixteak”. 2010ean inauguratu zuten solairu hori; gainerakoak 1989koak dira.
Plataformak zehaztu du Osakidetzaren asmoa dela unitate horretan ebakuntza gela berriak ezartzea, “nahiz eta obrak hasteko datarik ez dagoen”. Hala, bosgarren solairuko unitate horrek ospitaleko gela egokienak dituela adierazi du Osasun Bidasoak, orotariko erabiltzaileentzat egokituak daudela, kokapen lasaian dutela, eta fase terminalean dauden pazienteentzako banakako gelak dituela, baita sozializazio espazioak nahiz azkar osatzeko baliabide bereziak ere.
Kontraesan baten berri eman du plataformak. Hala, unitate hori ixtearen arrazoien artean omen ospitaleko oheen okupazioak behera egin duela: “Hori ez dator bat datu errealekin. Itxaron zerrenda luzea dago, eta hori hilabetez hilabete handitzen ari da”.
Ebakuntza gelak
Bi urte bete dira Bidasoko Ospitaleko ebakuntza gelak ixteko, eta horiek Donostiako Onkologikora eramateko proiektua geldiarazi zela. Horren harira, Osasun Bidasoaren iritzia da ebakuntza gela horiek lekualdatzea dela aukerarik onena, eraikin erantsi batera. “Aukera horrek ospitale barruan egin beharreko obrak saihestuko lituzke, eta asistentzia eremua nabarmen handituko litzateke”. Horren harira, Zumarragako ospitalearen adibidea eman dute. Han, zortzi solairuko eraikin erantsia gehituko diote egin duten egoitzari, 30 milioi euroko inbertsioarekin: “Osasun Sailari eskatzen diogu aplika ditzala Bidasoko Ospitalean Zumarragakoan aplikatu dituen irizpide berak. Ez dugu ulertzen eskualde batzuen eta besteen arteko irizpide desadostasun hori”. Zumarragan, eraikin berria egiteak ez du izango eraginik egungo ospitalearen eguneroko arreta baldintzetan.