Bioterra, parez pare zabalik bisitarien zain
Gaurtik igandera arte ingurumenari lotutako azokako 130 postu bisitatu ahal izango dira, baita 50 jarduera osagarritan parte hartu ere.
Ateak zabalik ditu Ficoban Bioterrak, Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien eta ongizaterako produktu eta zerbitzuen azoka. 21. urtea du aurtengoa Irungo erakustazoka etxe duen erakusketa. Erreferentzia da jada iraunkortasunaren zaleen topagunea, bai Euskal Herrian eta kanpoan. 10:00etan zabaldu dute jardueren zerrenda. Konpromiso ekologikoa da aurtengorako hautatu duten leloa.
Gaur eta bihar (larunbata) 10:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da azoka. Etzi (igandea), berriz, 10:00etatik 19:00etara. Ficobako parkinean doan aparkatzeko aukera dago.
Dozenaka postu, mahai-inguruak, tailerrak, sukaldaritza erakustaldiak, gune tematiko bereziak… Orotariko eskaintza atondu dute aurtengorako ere Ficobako ordezkariek, aurreko urteetako esperientzia lagun, eta bezero nahiz bisitari berrien bila. Milaka espero dira. Gainera, Merka2dasoa bizikleta erabilien azokak ere izango du toki Irungo azpiegituran egunotan. Zehaztuta, 130 enpresa erakusketarim, eta 50 jarduera osagarri izango dira igandera arte.
Ozeanoen Munduko Eguna
Aurten Bioterrak Ozeanoen Munduko Egunarekin bat egiten du, horregatik, bertan egingo dira Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astearen (Basque Environment and Oceans Week – BEOW 2024) jardueretako batzuk. Hala, gai horri buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak sartu dituzte programan. Horrekin lotuta, biharko (larunbata), 17:30ean, Espainiako Estatuko unibertsitateen G9 taldeak sustatutako Itsaso bete zientzia sariak banatuko dizkiete Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei.
Jarraian, eguerdi aldera Bioterra azokan HITZAk jaso dituen hainbat irudi, Garazi Agirresarobe Barandiaran argazkilariak jasotakoak.