EAJk Gain Gainean parkea bukatzea eskatu du
Alderdi jeltzaleak adierazi du gune horren hirugarren fasea egiteke dagoela, eta Udal Gobernuari Gobernu Programa bat osatzeko eskatu dio, haien lehentasunak zeintzuk diren jakiteko.
Irungo EAJk adierazi du denbora daramala klima aldaketaren ondorioetan lanean, errealitate horri aurre egiten laguntzeko neurriak proposatuz. Hori dela eta, iragan ostiraleko Kreditu Aldaketan klimaren afera mahai gainean jarri zutela jakinarazi dute, “mugikortasunarekin, astialdiarekin, naturarekin eta ondare historikoa balorean jartzearekin elkarlotuz”. Ezaugarri horiek guztiak Gain Gainean parkeak barnebiltzen dituela nabarmendu dute.
Gain Gainean “hiriaren bihotzean” kokatuta dagoen “altxorra” dela zehaztu du alderdi jeltzaleak. Eremu hori jendez beteta egoten dela baietsi dute, batez ere 2016an egin ziren hobekuntzen ondoren. Hala ere, jarduketa horietan “hirugarren fasea egiteke” geratu zela jakinarazi du alderdiak. Horregatik, eremu osoa irundarrentzako “irisgarri” ez dagoela adierazi dute.
Azken fase horren egikaritzea alderdi sozialistak 2019ko eta 2023ko hauteskunde programan txertatu zuela zehaztu du alderdi jeltzaleak. Hala ere, momentu honetan gai hori sozialistentzat “lehentasuna” ez dela esan dute. Hori dela eta, udal gobernuaren lehentasunak zeintzuk diren jakin nahi du hiriko EAJk, haien esanetan ez baitago Gobernu Programarik.
Egoera horren aurrean, EAJk “apustu sendoa” egin du aipatutako espazioaren alde. Proiektu hori hiriarentzako “beharrezkoa” dela baietsi du alderdiak, hiriaren erdigunean dagoen “espazio berde eta paregabea” indarrean jartzeko, zaintzeko, egokitzeko eta gozatzeko.
EAJk proiektua eguneratzeko zuzenketa bat aurkeztu duela gogorarazi du, legegintzaldi honetan azken fase hori gauzatzeko eta hiriari berdegune bat eskaintzeko. Alderdi jeltzaleak eremu hori defendatzen jarraituko duela gaineratu du, haien esanetan Udal Gobernuak proposamen hori “baztertu” baitzuen, haientzat “lehentasuna ez zela” esanez. Hori dela eta, Udal Gobernuari Gobernu Programa bat “lehenbailehen” garatu dezala eskatu diote, haien lehentasunak zeintzuk diren jakin ahal izateko.

