Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izateko eskubidea irabazi du Manu Goioganak
Gipuzkoa Bertsotan sailkatzeko faseko bigarren itzuliko Elgetako saioan hirugarren izan da irundarra. Gipuzkoako bertsolari onenekin ariko da udazkenean.
Udazkenean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izango da Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Gipuzkoa Bertsotan izeneko sailkatze lehiaketan 22. izan da puntuetan, beraz, barruan da. Izan ere, sailkatze fase horretako lehen 32 bertsolariek zuten eskubidea herrialdekora iristeko, eta dezenteko aldearekin lortu du Goioganak Gipuzkoako bertsolari onenekin izateko aukera.
Elgetan izan zuen, larunbatean, Gipuzkoa Bertsotan-en bigarren itzuliko saioa Irunabarreko kideak. Hirugarren izan zen han, 316,5 puntu lortuta. Haren aurretik sailkatu ziren Andoni Rekondo Izagirre hernaniarra (332 puntu) eta Aitor Salegi Martija zestoarra (319 puntu). Hala, bigarren itzuliko horrekin, eta lehen itzuliko 318,5ekin, osotara 635 puntu egin ditu bere Goioganak, eta horregatik Gipuzkoa Bertsotan-en 22. izan, eta Gipuzkoako nagusira jauzia egin du.
Aurrerago jakinaraziko du Gipuzkoako Bertsolari Elkarteak zer-nolakoa izango den herrialdekoa.