Sugar olinpikoa itzali da, baina festa ez
Hondarribiko Olinpiaden azken eguna izaten ari da gaurkoa, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak jaso dituzte kuadrilla onenek. Alamedako sukalde inprobisatuetan izan da lehia.
Itzali da sugar olinpikoa, bukatu dira Hondarribiko Olinpiadak. Hilabete luzeko lehiaren ondoren, gaur biribilduko dute 2023-2024ko denboraldia. Ez da kuadrillen arteko proba zuzenik jokatu gaur, sukaldean izan baita lehia. Alamedan jarritako hamarka sukalde inprobisatutan aritu dira kozinatzen kuadrillak, albondiga plater onenaren bila. Eguraldia lagun, giro ezin hobean ari dira gazteak.
Kozinatutakoa dastatu eta sabelak ongi bete ondoren, festarako unea helduko da, kontzertuak izango baitira Alamedan: Zker Band elektrotxaranga, Eire, Herenegun, Ezezez, eta DJ Fresamorango izango dira entzungai. Ziur luze joko duela gaurko egun handiak.
Astelehenean gaurko sailkapenaz gain, 2023-2024 denboraldiko sailkapen orokorraren berri emango du HITZAk.
Ikusi eguerdian HITZAk Alamedan ateratako irudi sorta: