Asturiagaren gaineko adierazpenaren harira "nahigabea" adierazi du PSE-EEk
Asturiaga auziaren gaineko adierazpenarekin, "udal akordioak urratu" direla esan du PSE-EEk eta horregatik "nahigabea" azaldu du.
Roke Mendez Villada Poeta santurtziarra eta Jose Luis Mondragon Elorza Moriko arrasatearra gazteak hil zituztela 50 urte bete dira joan den asteartean. Hondarribiko Asturiaga portuan hil zituen Espainiako poliziak bi gazteak, segada batean. Larunbatean haiek oroitzeko omenaldi ekitaldia egin zuten Asturiaga portuan. Bi egun geroago berriz, Hondarribiko Udal Gobernuak adierazpena egin zuen segadaren berrogeita hamargarren urteurrenaren harira.
Mendez eta Mondragon Guardia Zibila eta Espainiako Poliziaren artean antolatutako segada batean “erail” zituztela eta horrek ez zuela inoiz gertatu behar izan adierazi du gobernu taldeak, eta bi gazteen familiei babesa adierazita, barkamena eskatu die, “urte hauetan guztietan udaletik behar besteko babesik ez dutelako jaso”. Mendezi biktima izaera aitortu bazaio ere, ez da hori Mondragonen kasua, eta hari ere “epe laburrean” biktima izaera aitortzeko eskatu du, gainera. Azkenik, konpromisoa hartu du gobernu taldeak gertakariak argitzeko hasitako bidean jarraitzeko, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriz: “Aranzadi Zientzia Elkarteak hasitako txostena bukatzeko eta gizarteratzeko konpromisoa hartzen dugu”.
Adierazpen horri erantzun dio orain Hondarribiko alderdi sozialistak, eta “biolentziaren biktima guztientzat trataera bera” eskatu du. Asturiaga auziarekin, “udal akordioak urratu” direla esan du PSE-EEk eta horregatik “nahigabea” azaldu du. PSE-EEren hitzetan, Asturiagako gertakarien gainean gobernu taldeak egin duen adierazpenak ez duela alderdi politiko guztien adostasuna izan, “azken zortzi urtean adostasun hori lortzea lanerako arau izan denean”.
Adierazpenarekin desadostasuna ere, Asturiagan Espainiako poliziak hildako bi gazteetako batek ez duelako Eusko Jaurlaritzaren biktima izaera aitortua. “Nabarmendu behar da, gainera, une horretan Irungo 1.000 langile baino gehiagori lana ematen zien Palmera enpresarekin lotuta zegoen Juan Wollmer industriala bahitzeko asmoa zutela”, erantsi du PSE-EEk. Gertaeraren gainean Aranzadi elkarteak egin duen txostenean bildutakoen berririk ez dutela ere esan du alderdi horrek, “udalak ordaindu badu ere txosten hori”.
Eskaera egin du Hondarribiko PSE-EEk bukatzeko, adierazpen instituzionalak, Josu Zabala Erasun, Alfonso Estevas-Guilman Muñoz, Rufino Muñoz Alcalde, Juan Flores Villar eta Joseph Couchoten kasuetan izandako trataera bera izan dezan, “Juan Floresen kasuan hilaren 18an 40. urteurrena bete zen, eta udalak ez du inolako adierazpen instituzionala edo gaitzespenik egin. Horrenbestez, biolentziaren biktima guztientzat trataera bera eskatzen dugu, baita kasu guztietan gertaerak argitzea ere, hori baita elkarbizitzan aurrera egiteko bitarteko bakarra”.