Manu Goiogana Bengoetxea, bigarren Gipuzkoa Bertsotan-en bere saioan
Hilaren 2an izan zuen irundarrak Gipuzkoa Bertsotan-en lehen faseko saioa, Zaldibian. Igauri Lopetegi Amostegiren txanda, hilaren 9an.
Manu Goiogana Bengoetxea irundarra bigarren izan zen hilaren 2an Gipuzkoa Bertsotan lehiaketaren bosgarren saioan (B multzoko bigarrena), Zaldibian. Gipuzkoa Bertsotan udaberrian zehar egingo da, eta udazkenean egitekoa den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fase antzekoa da. Hala, apirilaren 25ean Eskoriatzan abiatu zen lehia horretan 74 bertsolari hasi dira bertsotan lehen fasean, bigarren faserako 48 sailkatuko dira, eta handik 36 aterako dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarekin bat egiteko, hau da, probintziako txapelketa nagusirako, 2019an finalerdietan abestu zuten bertsolariak daude jada zain. Baina beste denek, Gipuzkoa Bertsotan udaberriko fasean lortu behar dute txartela.
Zaldibiko saioan Aitor Salegi Martija zestoarra izan zen irabazle, 324 punturekin. Irunabar Irungo Bertso Bilguneko kideak 318,5 punturekin bigarren posturari eutsi zion; haren atzetik, hirugarren, Antton Aizpurua Aldabe debarra izan zen (299 puntu). Beraz, puntuazioak ikusita, esan daiteke irundarra Gipuzkoa Bertsotan-en hurrengo fasera sailkatzeko bideari egoki ekin diola, hasierako 74 bertsolarietatik 48k egingo dutelako jauzi bigarren fasera, eta Goiogana bere multzoko 8. da jada saioa egin dutenen hemezortzi bertsolarien artetik; beste hamazazpi falta dira kantatzeko, lehen fasean, Irunubarreko kidearen multzoan.
Goioganaz gain, Igauri Lopetegi Amostegi da bigarren ordezkari irundarra Gipuzkoa Bertsotan-en. Haren lehen faseko saioa maiatzaren 9an izango da, Idiazabalgo Guraso Elkartea aretoan (19:00).